Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Finizens

No comments

Finizens

Finizens inbertsio estrategia automatizatzen laguntzen duen erakunde bat da. Kontua ireki, aurrezkien zenbatekoa eta maiztasuna zehaztu, eta hortik aurrera beraiek arduratzen dira aurrezkiak dibertsifikatu, batez besteratu, berrorekatu, eta gainerako eragiketa guztietaz. Dena automatikoki, beste ezeren beharrik gabe.

Kontua irekitzerakoan gure ezaugarri eta helburuak ezagutzeko balioko duten zenbait galdera egingo dizkigu, eta horretan oinarrituta inbertsio estrategia egokiena proposatuko digu. Ez dugu besterik egin beharko, beraz, oso erosoa da inbertsio estrategien xehetasunekin kezkatu nahi ez badugu.

Badira Finizens bezalako erakunde gehiago, adibidez Indexa. Komeni da aukera hauek ezagutzea, interesgarriak izan daitezke.

Berriro ere Ogasunari gure irabazien berri eman behar diogun garai horretan gaude. Eta lan hori errazteko bidean Ogasunak beste pausu bat eman du: ZergaBidea tresna web bidez erabiltzeko moduan jarri du.

Orain arte ZergaBidea gure ordenadorean instalatu behar genuen programa bat zen. Berari esker errenta aitorpena egiteko aski zen urteko irabazi, galera, kenkari, eta abarrak behar ziren laukietan sartzea. Hortik aurrerako kalkulu guztiak berak egiten zituen, eta aitorpena Ogasunera elektronikoki bidaltzeko prest uzten zuen.

Hemendik aurrera ZergaBidea web bidez erabiliko den aplikazio bat izango da. Ez dugu ezer instalatu beharko, aski izango da Internet konexioa eta nabigatzaile bat dituen edozein ordenadore erabili ahal izatea. Baina horretaz gain beste guztia oso berdintsua da. Autolikidazio proposamenak eta aurreko urteetako aitorpenak jasotzeko aukera ere eskaintzen du, gainera.

Ez gutxietsi zergak, inbertsio bat atzera botatzeko adinako garrantzia izan dezakete.

Ohiturari jarraituz urte berriarekin batera Gipuzkoako Ogasunak zenbait aldaketa ekarri dizkigu fiskaltasunean. Lehen aldaketa urterokoa da, ondare irabazi eta galerak kalkulatzeko eskuratze balioaren eguneratze koefizienteena. Hauxe da azken koefiziente berrien taula:

Eskuratze urtea 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
Koefizientea 1,105 1,102 1,084 1,051 1,028 1,012 1,010 1,010 1,010 1,000

Bestalde, partaidetza eskubideen salmentan ere aldaketak egon dira: aurten hasita eskubideen salmentagatik lortutako irabaziek atxikipena izango dute. Duela zenbait urte eskubideen salmenta atxikipenik gabeko ondare eskualdatze bezala aitortzen hasi behar izan genuen. Hemendik aurrera, horretaz gain, atxikipena jasan beharko dugu.

Zorionez zergen zenbatekoak ez dira handitu, ez eta atxikipenen ehunekoak ere.

Kudeaketa pasiboa nahiago izanez gero hainbat aukera daukagu gure inbertsioak aurrera eraman ahal izateko. Adibidez, hona hemen Rankiako dullinvestor erabiltzaileak mantentzen duen funts indexatuen web orria:

Funts indexatuak

Funts indexatu ezagunenak biltzen ditu, jarraitzen duten indizearekin, eta funtsetara harpidetu ahal izateko erabil ditzakegun bitartekariekin (Renta4, BNP Paribas, Self Bank, eta abar).

PDF eran nahiago izanez gero, hemen eskura daiteke. Web orria maiz eguneratzen da, ordea, beraz, hobe jatorrira jotzea.

Azken aste hauetan komunikabideetan errentamenduen kontratu, fidantza, gordailu eta horrelakoei buruzko kontuak ugari izan dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak horien inguruko dekretu berri bat atera du aurreko hilean, eta hiri finken errentamenduan hainbat betekizun ezarri ditu.

Blog honetan garajeen alokairu bidezko inbertsioak azaldu direnez, jakin behar dugu betekizun hauek ez dietela garajeen errentamenduei eragiten. Hau da, garajeen kasuan kontratua erregistratzea hautazkoa da, eta fidantza eta bere gordailua ere bai. Bizilekuen kasuan, ordea, derrigorrezkoak dira, eta Bizilagun zerbitzu publikoaren bidez egin behar dira.

Urte berriarekin Gipuzkoako Ogasunak bi aldaketa ekarri dizkigu aurrezkiei 2016an aterako dizkiegun irabazientzako. Lehena urtero egiten duen aldaketa bat da, ondare irabazi eta galerak kalkulatzeko eskuratze balioaren eguneratze koefizienteena. Horrela, 2016an ondare salmenta bat egiten bagudu, datorren urteko PFEZ aitorpenean koefiziente hauek aplikatuko dira:

Eskuratze urtea 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016
Koefizientea 1,151 1,105 1,102 1,084 1,051 1,028 1,012 1,010 1,010 1,000

Bigarren aldaketa etekinen gaineko atxikipenean izan da: 2016eko etekinentzat %19koa izango da. Baina atxikipena aldatu arren zergak bere horretan jarraitzen du, beraz, hasiera batean diru gehiago jasoko dugun arren, PFEZ aitorpenaren ondoren gure inbertsioen etekin garbian ez dugu aldaketarik antzemango. Izan ere, gogoratu atxikipena Ogasunari egiten diogun aurrerapen moduko bat besterik ez dela, eta orain barkatzen diguna PFEZ aitorpena egiterakoan kenduko digula.

Duela zenbait aste azaldu bezala, Gipuzkoako Ogasunak zenbait doiketa egin zituen hainbat etekin moten atxikipenean. Bada, aste honetan, aldaketa berri bat argitaratu du. Uztaileko hartan interes, kupoi eta dibidenduen atxikipena %20tik %19,5era jeitsi bazuen, oraingoan inbertsio funtsetako partaidetzak saltzerakoan lortutako irabazien atxikipena jeitsi du %20tik %19,5ra. Hau da, irailaren 2tik aurrera inbertsio funtsak saldu, eta irabazirik badugu, irabazi horien %19,5 atxikiko digute lehengo %20 ordez. Horrela, hemendik aurrera, atxikipena jasango dugun guztietan, hau %19,5ekoa izango da beti, etekin mota edozein dela ere.

Kontuan izan, hala ere, zergak bere horretan jarraitzen duela, beraz, PFEZ aitorpenaren ondoren gure inbertsioen etekin garbian ez dugu aldaketarik antzemango.

Inoiz urrea edo zilarra erosten badugu erosten duguna faltsua izatearen kezka izan dezakegu. Arazo horri aurre egiteko modurik hoberena saltzaile ezagun eta fidagarriei bakarrik erostea da, baina horrelakoetan ere hobe erosgai faltsuak antzemateko metodoren bat (edo asko) erabiltzen badugu.

Metodoetan sinpleena erositakoaren neurriak eta pisua egiaztatzea da, baina duela gutxi aurkitu dudan beste metodo bat azaldu nahi dut bidalketa honetan: Bullion Test. Bullion Test smartphonerako aplikazio bat da, eta urrezko eta zilarrezko txanponak egiaztatzeko balio du. Urrezko eta zilarrezko txanponek soinu jakin bat dute, eta aplikazio honek smartphonearen mikrofonoaren bidez soinu hori entzun, eta benetako txanponek duten soinuarekin alderatzen du. Soinuak bat ez badatoz ia seguru txanponak faltsuak direla.

Bullion Test ordainpeko aplikazioa da, baina badu doako bertsioa ere. Bi bertsioen arteko aldea txanpon kopuruan dago. Doako bertsioak hiru txanpon bakarrik ezagutzen ditu: urrezko ontzako Krugerrand, eta zilarrezko ontzako Buffalo eta Eagle. Ordainpekoak inbertsiorako txanpon gehienak ezagutu ditzake (20tik gora).

Doako aplikazioarekin proba bat egin dut oraintxe bertan, eta erabili dudan txanponak testa ondo pasa du. Gaur lasaixeago lo egingo dut.

Metal preziatuen gastuak aztertu genituenean urreak gainerako metal preziatuen aldean abantaila garrantzitsu bat zuela ikusi genuen, urrearen erosketak BEZ gabeak direla, alegia. Horrela, askoz zailagoa zen inbertsio errentagarriak lortzea zilarra edo beste edozein metalekin, hauek erosterakoan %21eko BEZ gehitu behar genion-eta erosneurriari.

Baina hara non, zilarrezko txanponak ere BEZ ordaindu gabe eros daitezke. Hori lortzeko bidea askorentzat korapilatsua izan daiteken arren, ez da hain zaila, eta dakarren aurrezpena ikusita zilar txanponetako inbertsioa interesgarri eta guzti bihur dezake. Gogoratu zilarra urrea baino askoz merkeagoa dela, beraz, diru gutxirekin ere zilarrean inbertitzea posible da.

Erosketaren gakoa Europar Batasuneko legediak uzten duen zirrikitu batean dago. Estonian legezko zilar txanponak BEZ gabeak dira, hau da, Estoniara joan, eta ordainketetarako erabil daitezken zilarrezko txanponak erosten baditugu han, ez dugu beraiengatik BEZ ordaindu beharrik izango. Eta horrelako txanponak dira, hain zuzen, hainbat gobernuk noizean behin ateratzen dituzten oroitzapenezko zilarrezko txanpon batzuk: Austriako Philharmonic zilarrezko txanponak, Estatu Batuetako Eagle zilarrezko txanponak, Txinako Panda zilarrezko txanponak, eta abar.

Jakina, ez gara Estoniara joango zilarrezko txanponak erostera, bidaia BEZ bera baino garestiagoa aterako bailitzaiguke, hala ere, bai gauzatu daitekela erosketa Estonian bertan begeunde bezala (Internet bidez, noski), eta ondoren handik txanponak gure etxera ekarri arazi (mezularitza-zerbitzu bidez, adibidez). Saltzaileak zuzenean txanponak gure etxera bidaliko balitu, orduan erosketa zuzenean gure etxetik egingo bagenu bezala litzateke, eta horrek BEZ izango luke, baina erosketa eta bidalketa banatuta, legediak txanponak BEZetik salbuetsita izatea ahaltzen digu. Eta dena Europar Batasunaren barruan egiten denez ez dago muga-zergekin kezkatu beharrik.

Trikimailu honetaz jabetuta, prozesu guztia errazten duten zenbait web gune sortu dira, eta berauei esker posible da nahi duen edonork BEZ gabeko zilarrezko txanponak erostea. Jakina, bidalketa gastuak handixeagoak izango direnez (25-30 euro inguru), aukera honek ez du balio txanpon gutxi batzuk erosteko, baina asmoa 10 ontza edo gehiago erostea bada, orduan pena merezi du.

Adibidez, BEZ gabeko zilarrezko txanponak saltzen dituen web gune hau aurkitu dut: Liberty Silver. Oraingoz ez dut erabili, beraz, ezin ziurta dezaket bere egiazkotasuna, baina saiatu arren ez dut saltzaile honi buruzko ezer txarrik aurkitu. Inork probatuko balu, esan mesedez nola joan den.

Duela gutxi Espainiako Gobernuak errentaren fiskaltasunean egin dituen aldeketak direla eta, Gipuzkoako Ogasunak ere zenbait doiketa egin ditu irabazien gaineko atxikipenetan. Hain zuzen ere, 2015ean lortutako interes, kupoi eta dibidenduei egin beharreko atxikipena %20koa bazen, uztailaren 12tik aurrera %19,5ekoa izango da. Bestalde, inbertsio funtsen salerosketa bidez lortutako irabaziek %20ko atxikipena izaten jarraituko dute.

Gogoratu atxikipena Ogasunari egiten diogun aurrerapen moduko bat dela, beraz, aldaketa honek ez du gure inbertsioen etekin garbian zuzeneko eraginik. Izan ere, atxikipena txikiagoa izan arren, Espainiako Ogasunean ez bezala, Gipuzkoakoan zerga ez da aldatu, beraz, hemendik aurrera Ogasunak atxikipenean kentzen ez diguna, PFEZ aitorpena egiterakoan kenduko digu.

Tresna-barrara saltatu