Badugu gordailu batean jarritako dirua galtzeko arriskurik? Erantzuna baiezkoa da. Banketxe batek, beste edozein enpresak bezala, porrot egin dezake, eta gerta daiteke bildu dituen gordailu guztiak itzuli ezinda amaitzea. Adibidez, horixe gertatu zen Zipren iaz Laiki Bank banketxeak porrot egin zuenean. Hainbat tirabiraren ondoren, 100.000 euro baino gutxiagoko gordailuak oso-osorik itzuli zituen, baina hori baino handiagokoen kasuan zati bat bakarrik itzuli zuen.

Espainiako banketxeen porrotei aurre egiteko, gordailu guztiek Gordailuak Bermatzeko Funtsaren bermea dute. Banketxeen ekarpenen bidez mantentzen den funts bat da; gure gordailua duen banketxe batek porrot egin, eta gordailua ezingo baligu itzuli, orduan funts honek itzuliko liguke. Baina kontuz, Gordailuak Bermatzeko Funtsak gehienez 100.000 eurora arte itzuliko digu. Hori baino gehiagoko gordailurik bagenu, gainerako guztia galtzeko arriskua genuke.

100.000 euroko muga banketxe bakoitzeko da. Beraz, 100.000 euro baino gehiago baditugu, eta porrotaren beldur bagara, arrisku horri aurre egiteko modurik errazena dirua hainbat banketxetan banatzea da, bakoitzean 100.000 eurotik behera edukiz.

Bestalde, kontuan izan Gordailuak Bermatzeko Funtsa Espainiako banketxeen porrotez bakarrik arduratzen dela. Badira hemen lan egiten duten banketxe atzerritarrak, eta horiek ez dute funts honen bermerik. Horiek beren jatorrizko estatuko funtsen bermea dute, eta funts horiek beste muga batzuk izan ditzakete.

Adibidez, Banco Espiritu Santo banketxe portugaldarra da. Portugaleko gordailuen bermea 100.000 euro artekoa da, baita ere.

Banco Espiritu Santo gordailua