Gordailuak epe jakin baterako izaten diren arren, epea bete baino lehen eten, eta dirua oso-osorik berreskuratzeko aukera eman ohi dute. Dirua edonoiz guztiz berreskuratzeko aukera hau oso garrantzitsua da. Eta ez dago horrelakorik onartzen duen beste finantza-produkturik. Gordailu batzuk, gainera, zatika berreskuratzeko aukera ere eskaintzen dute.

Normalean, ordea, aukera hau ez da ezeren truke izaten. Jarritako dirua ez dugu galduko, baina epea amaitu arte itxaroten ez badugu seguruenik gordailuaren interesa jeitsi egingo digute. Eta horrelakoetan kontu izan behar dugu, zeren gerta daiteke jasotako interesa itzuli beharrean gertatzea.

Adibidez, demagun UTB %2 duen 3 urterako gordailu bat, interesak urtero ematen dituena, baina aldez aurretik etenez gero, bere UTB %0,5era jeisten duena. Gordailu honetan 5.000 euro jarriko bagenitu, lehen urtea igaro ondoren 100 euro emango lizkiguke interesetan. Beste urte baten ondoren beste 100 euro jasoko genituzke. Baina bigarren urtea gainditu, eta berehala etengo bagenu, orduan interesa berriro kalkulatu beharko litzateke. 5.000 eurok UTB %0,5ean urtero 25 euro emango lizkigukete, 50 euro bi urteren buruan. Baina ordura arte 200 euro jasoak genituzke, beraz, 150 itzuli beharko lirateke. Horrelakoetan banketxeak aurretik emandako interesa bere horretan utzi, eta itzuli beharrekoa gordailuari ken liezaioke, hau da, gure adibidean gordailua 4.850 eurokoa balitz bezala itzul lezake. Hala ere, kontuan izan kasu horretan ere ez genukela dirurik galduko: 100 + 100 + 4.850 = 5.050 = 25 + 25 + 5.000.

Modu askotako zigorra jasan dezakegu gordailu bat epez aurretik eteteagatik, baina gordailuko dirua ez dugu sekula galduko, gehienez interes gisa jasotako guztia itzuli beharko dugu.

Hoberena gordailua eten beharrean ez aurkitzea da; behartuz gero, aukera honetaz balia gaitezken jakitea oso komenigarria da.