Gordailu bat irekitzeko banketxeek baldintza berezi batzuk jar ditzakete batzutan. Adibidez, oso arruntak dira ongi etorri gordailuak, hau da, bezero berriei soilik eskaintzen zaizkien gordailuak. Beste gordailuek baino UTB handiagoa izan ohi dute, baina nahiko epe laburrerako. Horrelakoetan gogoan izan beti gordailuen gastuak.

Antzekoak dira diru berriarentzako gordailuak. Bezero berri nahiz zaharrek ireki ditzakete gordailu hauek, baina banketxean lehendik ez daukaten diruarekin bakarrik. Behin gordailua irekita, ordea, aurretiko diruarekin nahi dena egin daiteke. Gordailu hauek ohiko gordailuek baino UTB hobexeagoa izaten dute, antzeko epeetan.

Beste baldintza bat diru kopuruarena izan ohi da. Batzuk gutxieneko bat eskatzen dute, eta beste batzuk gehienezko muga bat ezartzen dute. Gerta daiteke kopuru handiagoetarako UTB hobexeagoa eskaintzea.

Kutxabankeko gordailuak

Azkenik, banketxearekin nolabaiteko lotura eskatzen duten gordailuak aurki ditzakegu. Hasteko oso UTB eskasa eskaini arren, beste produkturen bat kontratatuz gero, interesa hobetuz joan ohi dira. Kreditu txartela, pentsio plana, auto asegurua edo beste edozein narraskeri kontratatzea eska dezakete. Kontu handiz ibili horrelakoekin. Gordailua hobetu arren, auskalo beste produktu horietan zer egiten diguten. Jakina, beste produktu hori ongi ezagutzen badugu, eta behar duguna bada, orduan gordailuaren hobekuntzari ez diogu muzin egingo.

Bukatzeko, gogoan izan egituratu, garantizatu edo antzeko abizen bereziren bat duten gordailuak askotan ez direla benetako gordailuak. Adibidez, gordailuaren zati bat burtsako ez dakit zein akzio edo indizeren baitan dagoela? Ziur aski ez da gordailua.