Gordaluei ateratzen diegun etekina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) aitorpenean adierazi behar dugu. Zehazki, gordailuen interes gisa jasotako guztia aurrezpenaren oinarri ezargarrian sartzekoa den kapital higigarriaren errenta gisa aitortu beharko dugu.

Ondorengo datuak adierazi beharko ditugu gordailu bakoitzeko: etekin osoa, titulartasun portzentajea, eta atxikipena. Etekin osoa gordailuak sortu digun interesa izango da (eurotan). Baina kontuz, PFEZ aitortzen dugun urtean jasotako interesa bakarrik adierazi behar da. Ez dio ajola gordailuaren epeak, ez eta noiz ireki edo amaitu den; balio duena aitorpen urtean sortu digun interesa da.

Titulartasun portzentajea normalean gordailuaren jabeen kopuruak emango digu. Bakarka ireki badugu %100 izango da, bi pertsonen izenean badugu %50, hirurena bada %33,33, eta abar. Gordailua bere jabeen artean zati berdinetan banatzen ari garela, alegia.

Atxikipena banketxeak interesetan egin digun murrizketa da. Gordailuaren interesa jasotzen dugunean adierazten digute, eta eurotan adieraziko dugu. Atxikipen hau gordailuaren etekinetik Ogasunari eman beharko diogun zatiaren aurrerapena besterik ez da. Izan ere, irabazten dugun edozeren zati bat Ogasunarentzat da beti, baita gordailuekin ere. Eta badaezpada banketxeak interes guztia guri eman beharrean, interesaren %21a zuzenean Ogasunari ematen dio. Horixe da atxikipena.

Gure aitorpenarekin Ogasunak aurrezkien etekin guztiak batu, eta bere zatia eskatuko digu. Zati horren zenbatekoa jasotako etekin guztien baturaren arabera erabakitzen da: baturaren 1.500 euroraino %21, 1.500,01etik 10.000 euroraino %23, eta hortik aurrerakoarentzat %25.

Eta kontuan izan aurrezkien etekin guztien batura 1.600 euro baino gehiago bada PFEZ aitorpena egitea derrigorrezkoa dela.


Ohar garrantzitsua: Lurralde batetik bestera aldaketak egon daitezke fiskaltasunean. Blog honetan kontatzen dudana Gipuzkoan bizi garenontzako da. Bestalde, urte batetik bestera ere aldaketak egon daitezke. Blogean kontatutakoa 2013 urtean izandako etekinei dagokie.