Demagun hiru gordailu izan ditugula, ondorengo interesekin:

  Gordailu 1 Gordailu 2 Gordailu 3
Interes osoa: 480,00 310,00 1.500,00
Atxikipena: 100,80 65,10 315,00
Titulartasuna: 100,00 50,00 100,00

Bigarren gordailua beste norbaitekin erdibana izango litzateke, beraz, etekinen batura kalkulatzean bere erdia bakarrik hartuko genuke kontuan. Horrela, 480 + 310 x 0,5 + 1.500 = 2.135 izango litzateke gure aurrezkien etekinen batura. Hortik Ogasunarentzako zatia 1.500en %21, eta gainerakoaren %23 izango da: 1.500 x 0,21 + (2.135 – 1.500) x 0,23 = 461,05 euro.

Dagoeneko, ordea, kendu digute banketxeek puska on bat atxikipen gisa. Hain zuzen, 100,80 + 65,10 x 0,5 + 315 = 448,35 —bigarren gordailua erdibana dugunez bere atxikipena ere bai—. Beraz, PFEZ aitorpena egiterakoan, aurrezkien etekinaren zatia osatzeko Ogasunari 461,05 – 448,35 = 12,70 euro eman beharko dizkiogula aterako zaigu.

Etekin osoaren eta atxikipenaren kontua garbi gera dadin hona hemen beste adibide bat. Demagun 50.000 euroko gordailu bat dugula %3ko interesarekin. Gordailuaren interesa 1.500 euro litzateke, baina banketxeak ez dizkigu 1.500 euro guzti horiek guri emango. Horren %21, hau da, 315 euro, Ogasunera joango da zuzenean (atxikipena), eta 1.500 – 315 = 1.185 euro izango dira gure kontuan jasoko ditugunak. PFEZ aitorpenean, ordea, 1.500 euro jarri behar dugu etekin oso gisa. Hau izango litzateke, hain zuzen, aurreko adibideko Gordailu 3.