Banketxeen negozio nagusia maileguak ematea da. Eta horretarako, noski, dirua behar dute. Bada, gordailuak dira banketxeen diru iturri nagusia. Eta zenbat eta gordailu gehiago, orduan eta mailegu eta irabazi gehiago. Beraz, banketxeak ahalik eta gordailu gehien jasotzen saiatuko dira, eta horretarako badakite interes erakargarria eskaini behar dutela.

Bestalde maileguak emateko badakite mailegu horiengatik ahalik eta gutxien eskatzea komeni zaiela, izan ere, gehiegi eskatuz gero akaso inork ez lituzke beren maileguak nahiko. Baina, aldi berean, dirua irabazi nahi dute, beraz, ezin dute gordailuengatik eskaintzen duten interesa baino gutxiago eskatu.

Gordailu eta maileguen borroka honetan banketxeen arteko lehia izan ohi zen interesa erabakitzeko eragile nagusia. Baina duela hiru urte gauzak aldatu egin ziren: Espainiako gobernuak gordailuen interesak mugatzeko lege bat argitaratu zuen. Lege honen arabera Espainiako gordailuek ondorengo mugak izango zituzten:

Gordailuaren epea UTB muga
3 hilabete baino gutxiago 3 hilerako Euribor + %1,5
3 eta 12 hilabete artean 6 hilerako Euribor + %1,5
12 hilabete baino gehiago 12 hilerako Euribor + %1

Muga hauek ez ziren derrigorrezkoak, baina gaindituz gero banketxeei berme-neurri estuagoak eskatuko zitzaizkien.

Legeak urtebete bakarrik iraun zuen indarrean. 2013 hasieran, ordea, Espainiako Bankua izan zen esku hartu zuena, eta ondorengo mugak gomendatu zituen:

Gordailuaren epea UTB muga
12 hilabete arte %1,75
urte 1 eta 2 artean %2,25
2 urtetik gora %2,75

Erraz ikus daiteke neurri hauek aitzakia ezin hobea bilakatu direla gordailuen lehiak banketxeei sor ziezaizkieken eragozpenak errotik mozteko. Ordutik hona gordailuen interesei zer gertatu zaien begiratzea besterik ez dago.