Gordailuak aztertuta, diruari etekina ateratzeko hurrengo tresna errenta finkoa da. Errenta finkoa enpresa bati egiten diogun epe baterako diru-mailegua dela esan genezake. Mailegu guztiekin bezala mailegu horrengatik interes bat jasoko dugu, denboran zehar finkoa izan ohi dena; hortik datorkio errenta finkoari bere izena.

Dirua beste bati utzi, epe jakin baterako, interes jakin batean… gordailuekin antza handia du, baina oso argi eduki behar da errenta finkoa ez dela gordailua. Gordailua banketxe batean gordetzen dugun dirua da, eta, oso garrantzitsua, Gordailuen Bermerako Funtsaren babesa dauka. Errenta finkoan dirua edozein motatako enpresari utz diezaiokegu, banketxea izan ala ez, eta ez du Gordailuen Bermerako Funtsaren babesik.

Gure dirua errenta finkoko produktuetan inbertitu nahi badugu gutxienez ondorengoa aztertzea komeni da:

  • Errenta finkoaren jaulkitzailea.
  • Errenta finkoaren epea.
  • Errenta finkoaren ordainketa-hurrenkera.
  • Errenta finkoaren kupoia.