Errenta finkoan inbertitzerakoan oso argi eduki behar dugu jaulkitzailea nor den. Gogoan izan errenta finkoarekin mailegu bat egiten ari garela, beraz, kontu izan behar dugu dirua nori uzten ari garen: ez da gauza bera dirua Telefonicari ala Nueva Rumasari utzi, Alemaniar Estatuari ala Greziar Estatuari, BBVAri ala Bankiari, eta abar. Errenta finkoan ez dago babestuko gaituen funtsik, beraz, jaulkitzailearen kaudimena, hau da, dirua itzuli ahal izango duela ziurtatzea, oso garrantzitsua da.

Jaulkitzailearen fidagarritasunaren inguruan nolabaiteko zantzua izateko errenta finkoari abizena jartzen zaio askotan. Adibidez, ondorengoa aurki dezakegu:

  • Errenta finko publikoa: Jaulkitzailea administrazio publikoa denean. Segurutzat jotzen da, baina badaezpada begiratu ondo zein administrazio publiko den.

  • Zor subiranoa: Hau ere errenta finko publikoa, baina jaulkitzailea estatu bat denean. Itxuraz oso segurua, baina kontuz Grezia, Argentina eta antzeko kasuekin.

  • Errenta finko pribatua edo zor korporatiboa: Jaulkitzailea enpresa bat denean. Hemen denetarik aurki daiteke.