Errenta finkoak epe ugari izan ditzake: hilabete batzuk, urte batzuk, edo baita hamarkada batzuk ere. Eta jaulkitzailearen arabera egiten den bezala, iraupenaren arabera ere errenta finkoari abizen desberdina jartzen zaio.

  • Epe motzeko errenta finkoa: Hilabetetakoa izan ohi da, urte eta erdi gehienera. Estatuek jaulkitzen dituztenean letrak deitu izan zaie; enpresek jaulkitzerakoan zor-agiriak.

  • Epe ertaineko errenta finkoa: Urte bat eta hamar urte tartekoa. Bono deitu ohi zaie.

  • Epe luzeko errenta finkoa: Hamar urtetik gorakoa. Obligazio deitu ohi zaie. Benetan epe luzekoa aurki daiteke hemen, betirako direnak ere bai.

Epea luzatzen doan eran errenta finkoaren arriskua handituz doa. Batetik, jaulkitzailearen etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna daukagu: auskalo urte batzuetan bere kaudimenak zein bilakaera izango duen. Bestetik, inflazioa bezalako gertakari ekonomikoak daude: inflazioa asko igotzen bada gerta daiteke gaur egun interesgarria den kupoia etorkizunean aski ez izatea.