Normalean ez da arazorik espero errenta finkoaren kupoia jasotzerakoan, ez eta epearen amaieran inbertsioa berreskuratzerakoan. Hala ere, gerta daiteke jaulkitzaileak porrot egitea, edo porrot ez egin arren kupoia ordaindu ezinik egotea. Horrelakorik gertatuz gero, jaulkitzaileak zer egingo duen adierazi behar du errenta finkoaren jaulkipenean.

Arazoen aurrean jaulkitzaileak izan dezaken portaeraren arabera errenta finkoari beste abizen bat jartzen zaio:

  • Senior: Porrotaren kasuan lehenik jaulkitzailearen zor arruntak ordainduko dira, eta senior motako errenta finkoa izango da hurrena ordainketan. Kupoia, ordea, beti jasoko da. Hau da ohikoena.

  • Menpekoa: Porrotaren kasuan lehenik zor arruntak eta senior errenta finkoa ordainduko dira. Menpeko errenta finkoa izango da hurrena ordainketan. Kupoiaren ordainketa jaulkitzailearen irabazien baitan egon daiteke. Kupoia beti ordainduko du, baina behar adina irabazi ez badu ordainketa atzeratzeko aukera izan dezake.

  • Lehentasunezkoa: Kontuz izen honekin, lehentasuna ez baita inbertitzailearentzat, jaulkitzailearentzat baizik. Porrotaren kasuan ordainketa-hurrenkerako azken errenta finko mota da. Eta jaulkitzaileak irabazirik ez badu kupoia ordaindu gabe uzteko eskubidea du.

Erraz ikus daiteke ordainketa-hurrenkerak eragina duela errenta finkoaren arriskuan. Adi honekin ere.