Errenta finkoan jaulkitzaileak porrot egin dezake, eta ondorioz inbertsioa berreskuratu ezinda gera gaitezke. Horrelakoetan diru galera izango dugu. Eta gogoan izan errenta finkoak ez duela Gordailuak Bermatzeko Funtsaren babesik, beraz, ez dugu galera hori berreskuratzeko modurik izango. Galerak, ordea, eragina izango du gainerako etekinen fiskaltasunean.

Hain zuzen ere, errenta finkoaren galera beste kupoi bat bezela jasoko da PFEZ aitorpenean —ZergaBidea programan D gakoa erabiliko da—. Ez du atxikipenik izango, jakina, eta ikur negatiboa jarriko zaio galera dela adierazteko. Horrela, Ogasunarentzako zatia kalkulatzerakoan egiten den etekinen batura txikiagotzeko balioko digu, eta berari esker atxikipenak berreskuratzeko aukera izango dugu gutxienez. Txikiagotze honi irabazi eta galeren arteko konpentsazioa deitzen zaio.

Adibidez, demagun ondorengo etekinak izan ditugula —kasu guztietan %100eko titulartasuna suposatuko dugu adibidea errazteko—:

  Gordailua 1 Gordailua 2 Errenta finkoa 1
Etekin osoa: 400,00 300,00 2.000,00
Atxikipena: 84,00 63,00 420,00

Guztira 400 + 300 + 2.000 = 2.700 euroko etekina izango genuke, beraz, Ogasunari 1.500 x 0,21 + (2.700 – 1.500) x 0.23 = 591 euroko zatia legokioke. Atxikipen gisa 84 + 63 + 420 = 567 euro aurreratu ditugu jada, hortaz, aski litzateke 591 – 567 = 24 euro ematea Ogasunari.

Baina demagun etekin horiez gain beste inbertsio bat genuela errenta finkoan, eta inbertsio horrek huts egin duela. Adibidez, demagun 5.000 euro genituela lehentasunezko partaidetza batzuetan, eta 3.000 euro bakarrik berreskuratu ditugula jaulkitzailearen porrotaren ondoren. Beraz, 5.000 – 3.000 = 2.000 euroko galera izan dugu, hau da, 2.000 euroko etekin negatiboa. Hortaz, Ogasunaren aurrean, urteko gure etekina 400 + 300 + 2000 – 2.000 = 700 eurotakoa izan da soilik. Hortik Ogasunarentzako zatia 700 x 0,21 = 147 eurokoa da, eta atxikipenetan 561 kendu dizkigutenez, 567 – 147 = 420 euro itzuliko dizkigu Ogasunak.

Gerta daiteke galera irabaziak baino handiagoa izatea. Horrelakoetan galera hurrengo lau urteetan konpentsatzeko aukera izango da.

Adibidez, demagun aurreko kasuan 5.000 euroko inbertsioa guztiz galdu dugula. Horren ondorioz urteko etekin osoa hutsean geratuko da, eta 400 + 300 + 2000 – 5.000 = -2.300 euroko galera geratuko zaigu hurrengo urteetako etekinekin konpentsatzeko. Eta atxikitako 567 euroak oso-osorik itzuliko dizkigu Ogasunak, noski.