Errenta finkoko jaulkipen batzuk zenbait abantaila dute beren fiskaltasunean. Adibidez, horrelakoak dira Avasa, Audasa eta Aucalsa enpresek egiten dituzten jaulkipenak. Hauen errenta finkoak %24ko atxikipena du —gogoratu berez %21ekoa dela—, baina atxikipen horren %95 hobaritua dago. Horrela, %95 hori ez digute egitan atxikituko, baina atxikitu baligute bezala jaso dezakegu PFEZ aitorpenean. Horren eraginez errenta finko hobarituaren kupoiak gainerako errenta finkoarenak baino errentagarriagoak dira.

Adibidez, demagun 5.000 euro ditugula Audasako bonotan, eta bono hauek %4eko kupoia dutela urtean. PFEZ aitorpenean hauxe jaso beharko dugu:

Etekin osoa: 200,00 (5.000ren %4)
Atxikipena: 48,00 (200en %24)

48 euroko atxikipenetik, ordea, bere %95 hobaritua dago, eta, beraz, benetako atxikipena 48 – 48 x 0,95 = 2,40 eurokoa izango da. Hau da, kupoia jasotzen dugunean 197,60 euro jasoko ditugu, eta 2,40 euro bakarrik atxikituko dizkigute. Gogoan izan hobari gabeko errenta finkoarekin 200 x 0,21 = 42 euroko atxikipena jasango genukela, eta 158 euro bakarrik jasoko genituzkela.

Bestalde, beste etekinik gabe, Ogasunarentzako zatia 200 x 0,21 = 42 eurokoa izango litzateke. Bono arruntarekin ez genuke ezer egingo, jasango luken atxikipenarekin bat bailetorke. Baina bono hobarituan atxikipena handiagoa da, beraz, 48 – 42 = 6 euro itzuli beharko lizkiguke Ogasunak. Hala ere, benetan 2,40 euro bakarrik atxikitu dizkigunez, 2,40 euro izango da Ogasunetik jasoko duguna —Ogasunarekin ez dugu behin ere dirurik irabaziko, gehienez ere aurretik kendutakoa itzuliko digu—. Horrela, azkenean, bono hobarituaren 200 euroko kupoia guretzat geratu da oso-osorik. Bono arruntarekin 158 eurorekin amaituko genuke.

Aitorpena ZergaBidea programaren bidez eginez gero, B gakoa erabili behar da errenta finko hobarituaren etekinentzako. Hortik aurrerako kalkulu guztiak programa berak egingo dizkigu.