Salbuespenak badiren arren, errenta finkoan inbertitutako dirua berreskuratzeko bere epea bete arte itxaron behar da. Baina epea bete baino lehen dirua behar izanez gero bada aukera bat: errenta finkoa saldu egin daiteke. Gogoratu errenta finkoa kupoiak ematen dituzten baloreez osatuta dagoela. Eta jaulkitzaileari bost axola dio balore horiek noren esku dauden, beraz, balore horiek nahiko lituzken norbait aurkituko bagenu hari saldu geniezaizkioke, eta horrela dirua berreskuratu ahal izango genuke.

Errenta finkoaren salerosketan, ordea, kontuan izan behar dugu baloreen arriskua denborarekin aldatu egin daitekela. Gerta daiteke jaulkitzailearen kaudimena okerragotzea, edo inflazioa igotzea. Eta horrelakoetan badakigu inbertitzaileek kupoi altuagoa eskatzen dutela. Baina gure baloreen kupoia ezin dugu aldatu, beraz, zer egin balorea saldu ahal izateko? Errenta finkoa deskontura saldu beharko dugu.

Adibidez, demagun 1.000 euroko bonoetan inbertitu genuela duela bi urte, 5 urtetarako, %4ko kupoiarekin. Bono hauek urtero 40 euroko kupoia emango ligukete. Demagun baita ere diru beharrean gaudela, eta bono horiek saldu nahi ditugula. Bada, gerta daiteke, adibidez inflazioa igo delako, une honetan inbertitzaileek antzeko errenta finkoari eskatzen dioten kupoia %7koa izatea —epea osatzeko gure bonoari 3 urte geratzen zaizkionez, antzeko errenta finkoa kaudimen beretsuko 3 urteko bonoa litzateke—.

Antzeko bono hauek datozen 3 urtetan 3 x 70 = 210 euro emango dituzte kupoietan, gureek 3 x 40 = 120 emango dituzten bitartean. Hortaz, gure bonoak saldu nahi baditugu, 210 – 120 = 90 euro horiek deskontatu beharko dizkiegu gutxienez, hau da, 1.000 – 90 = 910 eurotan saldu beharko ditugu. Horrela, kupoiekin jasotzerik izan ez duena bonoaren epearen amaieran jaso ahal izango du erosleak, eta gure errenta finkoa ere interesgarria izango zaio.

Jakina, 1.000 eurotan erosi genituen bonoak 910 eurotan saltzen baditugu dirua galduko dugu. Baita aurretik jasotako kupoiak kontatuta ere, baina horixe da, hain zuzen, errenta finkoaren arriskuetako bat.

Bestalde, gerta daiteke kontrakoa ere, hau da, errenta finkoa saltzera joanda une horretan antzeko errenta finkoari eskatzen zaion kupoia txikiagoa izatea. Orduan gehiago eska genezake gure errenta finkoaren ordainetan, eta dirua irabaziko genuke.