Aurreko bidalketan ikusi bezala, noizbait errenta finkoa saltzen badugu dirua gal dezakegu. Baina baita irabazi ere. Galdu nahiz irabazi, ordea, emaitzak jaulkitzailearen porrotak eragindako galeren fiskaltasun berbera du, eta halaxe jaso beharko dugu PFEZ aitorpenean: ZergaBidea programan D gakoarekin, eta atxikipenik gabe. Hori bai, galera denean ikur negatiboarekin, eta irabazia denean ikur negatiboarik gabe.

Adibidez, demagun 5.000 euro jarri genituela bono batzuetan, eta 4.000 eurotan saldu behar izan ditugula. Orduan, 4.000 – 5.000 = -1.000 euroko galera jasoko dugu PFEZ aitorpenean. Baina 5.500 eurotan salduko bagenitu, orduan 5.500 – 5.000 = 500 euroko irabazia aitortu beharko genuke. Edo demagun 1.000 euroko bono batzuk 950 eurotan erosi ditugula. Kupoiez gain bonoen epea amaitutakoan bono bakoitzeko 1.000 – 950 = 50 euroko irabazia aitortu beharko dugu. Azkenik, gerta daiteke bono batzuk 400 eurotan erosi, eta 600 eurotan saltzea. Orduan 600 – 400 = 200 euroko irabazia aitortu beharko da, bonoen berezke balioa edozein delarik ere.

Irabazi eta galera hauek, porrotaren kasuko galerekin bezala, gordailuen interesekin eta gainerako kupoiekin konpentsa daitezke. Bestalde, kontuan hartu saltzen ez den bitartean ez dagoela aitortu beharreko irabazi edo galerarik, errenta finkoaren merkatuko balioa aldatu arren.