Errenta finkoaren salerosketa oso gauza arrunta da, hain arrunta salerosketa hori bideratzeko hainbat merkatu eratu direla. Horietako bat SEND merkatua da.

SEND merkatuan Espainiako enpresek eta Altxor Publikoak jaulkitako errenta finkoa aurki dezakegu. Ez da oso merkatu zabala, inbertsio txikietara zuzenduta baitago batez ere, baina gehienetan aski izango zaigu.

Inoiz errenta finkoa saldu beharko bagenu SEND merkatura jo genezake. Gure errenta finkoa merkatu horretan onartuta badago bertan jarriko dugu salgai, kopurua eta salneurria adieraziz. Erosleren bat interesatuko balitz salmenta berehala gauzatuko litzateke.

Eta kontrakoa ere egin genezake, hau da, guk erosi errenta finkoa SEND merkatuan. Egia esan, hau izango da gehienetan errenta finkoan inbertitzeko egin beharko duguna. Izan ere, jaulkipen berriak ez dira oso maiz gertatzen, eta lehendik jaulkitako errenta finkoa erostea errazagoa da. Horretarako salgai dagoen errenta finkoaren artean aukera dezakegu; edota zer erosi nahi dugun adierazi, saltzaile bat agertuko zaigun itxaropenarekin.