Aurreko bidalketan aipatu bezala, SEND merkatuan errenta finkoa saltzeko saldu nahi dugunaren kopurua eta salneurria adierazi behar dugu. Kopurua saldu nahi dugun errenta finkoaren atzean dagoen mailegua izango da. Hau da, 1.000 euroko 10 obligazio saldu nahi baditugu, 10 x 1.000 = 10.000 euroko salmenta egin nahi dugula adieraziko dugu. Edo 25 euroko 2.000 bono saldu nahi baditugu, 2.000 x 25 = 5.000 euroko salmenta egin nahi dugula adieraziko dugu.

Gogoan izan errenta finkoa deskontura erosteko aukera dugula, hala ere, saldu nahi dugunaren kopurua adierazteko errenta finkoaren berezko balioa erabili behar dugu beti. Horrela, posible da 1.000 euroko obligazio horiek 910 euroan eskuratu izana. Ez dio axolik, salmentarako 10.000 euro izaten jarraituko dute. Edo 25 euroko bonoak 26 eurotan erosi genituen akaso. Horrela izanda ere 5.000 euroko salmenta izaten jarraituko du.

Salneurria errenta finkoaren berezko balioaren ehuneko gisa emango da. Adibidez, 1.000 euroko 10 obligazioak %100ean saldu nahi ditugula esaten badugu obligazio bakoitzeko bere %100 (1.000 euro), eskatzen ditugula esaten ari gara. Salneurria %95ean jartzen badugu obligazio bakoitzeko 1.000 x 0,95 = 950 euro izango dira. Eta %110ean salduz gero, 1.000 x 1,10 = 1.100 euro.

Salneurria adierazterakoan ere ez dio axola errenta finkoa zenbatean eskuratu genuen. Ehunekotan emandako salneurria errenta finkoaren berezko balioarekiko izango da.

Bestalde, errenta finkoaren salneurrian kupoia ere kontuan hartu behar da. Errenta finkoak kupoia une jakin batean banatzen duen arren, salmenta kasuan ordura arteko kupoiaren zatia eska daiteke. Horrela, bi salneurri mota aurki daitezke: ex-kupoi, hau da, salneurriak ez du kupoia kontuan hartzen, eta, beraz, erosleak salneurriaz gain kupoi zatia ordaindu beharko du; ala kupoia barne, hau da, salneurriak ordaindu beharreko guztia hartzen du kontuan.

Lehentansunezko partaidetzen kasuan salneurria normalean kupoia barne izaten da. Gainerakoetan normalean ex-kupoi izaten da. Dena den, merkatuak adierazi behar du errenta finko bakoitzaren salneurria zein eratakoa izango den.

Bukatzeko, kontuan izan salgai jartzen duguna zatika sal daitekela. Hau da, gerta daiteke 10 obligazio salgai jarri, eta 4 bakarrik saltzea. Kasu horretan gainerako 6 obligazioek salgai jarraituko dute kontrakoa agintzen ez dugun bitartean.