Errenta finkoan inbertitzeko, finantza-erakunderen batean balore-kontu bat ireki behar da. Kontu izan behar dugu, ordea, balore-kontua zein finantza-erakunderekin irekitzen dugun. Gutxienez Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen erregistroan izena emanda dagoela begiratu behar dugu. Hor ageri ez bada finantza-txosna izango da seguruenik.

Bestalde, komenigarria da baita ere finantza-erakunde horrek Inbertsioen Berme Funtsaren (FOGAIN) babesa duela ziurtatzea. FOGAIN Gordailuak Bermatzeko Funtsaren antzeko funts bat da, baina inbertsioei bideratuta. Ez da nahastu behar, ordea, inbertsioen porroten aurkako berme batekin. Ez; gure inbertsio baten jaulkitzaileak kale egiten badu FOGAINek ez digu ezer itzuliko. FOGAINek babesten diguna bitartekari lanak egiten dituen finantza-erakundearen porrota da. Porrot horren eraginez gure inbertsioak finantza-erakundean harrapatuta gera daitezke —nahiz eta inbertsioak bide honetik joan—, eta orduan FOGAINek berauek berreskuratzeko bermea ematen digu. Gordailuak Bermatzeko Funtsak bezala FOGAINek ere 100.000 euro arteko bermea eskaintzen du.