Errenta finkoan gastu ugari hartu behar dira kontuan. Horietan lehenak balore-kontuaren gastuak dira. Normalean ez dugu gasturik izango balore-kontu bat edukitzeagatik, baina badira administrazio edo mantenimentu gastuak kobratzen dituztenak.

Errenta finkoaren hurrengo gastua zaintzarena da. Errenta finkoko baloreak edukitzeagatik berauek gordetzeko komisio bat kobratuko digute balore-kontuan. Komisio horri zaintza gastua deitzen zaio. Normalean errenta finkoan dugun inbertsioaren ehuneko txiki bat izan ohi da. Komisio honetan, ordea, bada ondo begiratu beharreko datu bat: gutxieneko komisioa. Izan ere, gutxieneko horren eraginez zaintza-komisioak ustekabe ugari eman ditzake.

Adibidez, demagun balore-kontu batek urtean behin %0,25 kobratzen dituela zaintza gastuetan, 30 euroko gutxienekoarekin. Eta demagun beste kontu batek %0,1 kobratzen duela sei hilean behin, 5 euroko gutxienekoarekin balio bakoitzeko. Zein da bietan hobea? Itxura batean bigarrenak hobea dirudi baina dauzkagun inbertsioen arabera gutxieneko komisioak erabat alda dezake egoera. Adibidez, 10.000 euro bagenitu bono mota bakarrean lehen kontuarekin 10.000 x 0,0025 = 25 euro egokituko lirateke zaintzarengatik. Baina gutxienekora iristen ez denez 30 euro ordaindu beharko genituzke. Bigarren kontuarekin, aldiz, 10.000 x 0,001 = 10 euro izango lirateke sei hilean behin —gutxienekoa baino handiagoa denez bere horretan geratuko da—,hau da, 20 euro urtean. Baina dena bono beretan eduki beharrean demagun inbertsioa lau enpresa desberdinen bonotan banatu dugula 2.500 euroko zati berdinetan. Kasu honetan ere lehen balore-kontuaren zaintza 30 euro izango litzateke, zaintza inbertsio osoarekiko baita. Bigarren balore-kontuan, ordea, gauzak asko aldatzen dira. Balore bakoitzarentzat 2.500 x 0,001 = 2,5 euro izango litzateke sei hilean behin ordaindu beharko genuken zaintza. Baina gutxienekoa 5 euro denez urtearen buruan 4 x 5 x 2 = 40 euro ordaindu beharko ditugu, hau da, inbertsioaren %0,4.

Errenta finkoaren beste gastu bat merkatuko eragiketen komisioa da. Baloreak jaulkipenetan eskuratzen badira eskuratze horrek normalean ez du gasturik. Baina merkatuko erosketa bidez eskuratzen badira orduan seguraski erosketa/bitartekaritza komisioa ordaindu beharko dugu. Eta berdin salmentarekin ere. Hau da, errenta finkoaren inbertsioa epea amaitu izanagatik berreskuratzen bada normalean ez da gastu gehigarririk izango, baina salmenta bidez bada orduan salmenta komisioa ordaindu beharko da. Zaintza gastuekin bezala, salerosketa gastuak kopuruaren ehuneko txiki bat izan ohi dira, gutxieneko batekin hauek ere.

Bukatzeko, kupoia kobratzeagatik ere komisioa egon daiteke, kupoiaren ehuneko txiki bat hau ere. Bestalde, ez ahaztu kupoiak kobratzeko seguraski kontu korronte bat eduki beharko dugula. Gordailuekin gertatzen zitzaigun bezala kontu honek ere gastuak izan ditzake.

Beraz, gastu ugari inbertsioaren errentagarritasuna egokia izango den ala ez neurtzeko garaian.