Errenta finkoan inbertitzerakoan epeari begiratzen zaio batez ere. Horrela, epe motzeko errenta finkoa inbertsio eran baino gehiago gordailu eran erabili ohi da, eta epe ertain edo luzeko errenta finkoa izan ohi da benetako etekina lortzea ahaltzen duen inbertsioa.

Gaur egun, ordea, epe motzeko errenta finkoaren kupoia hain da baxua gordailu funtzio hori betetzea ere kosta egiten zaiola. Ez da ahaztu behar errenta finkoak gordailuek ez dituzten gastu gehigarriak dituela, eta horren ondorioz zaila da inflazioa gainditzen duen epe motzeko errenta finkoa aurkitzea. Hori lortzeko arrisku-sari handiagoko jaulkipenetara jo daiteke, noski, baina ez dakit hartu beharreko arriskua gehiegizkoa ez ote den.

Hona hemen azken 10 urteetan urte bateko epea duen errenta finkoaren errentagarritasunak izan duen bilakaera:

Euroguneko urte bateko AAA bonoen kupoia

Epe ertain eta luzeko errenta finkoarekin kupoi interesgarriagoak dauden arren, une honetan aspaldian izan dugun errentagarritasun baxuena dute. Egoera hau urtetan mantendu daiteke, bai, baina azkenean inflazioak gora egingo du, eta orduan kupoiek ere goraka hasi beharko dute. Eta badakigu kasu horretan diru beharrarengatik salmentara joz gero dirua galduko dugula, edo saltzen ez badugu inflazioak errentagarritasun osoa jan dezakela, beraz, ondo neurtu behar dugu gure inbertsioaren iraupena, egoera zail batean harrapatuta gera ez gaitezen.

Euroguneko 10 eta 30 urteko AAA obligazioen kupoia

Akaso irtenbidea kupoi aldakorreko epe luzeko errenta finkoa izan daiteke. Kupoia aldakorra izanik egoera berrietara egokitzeko aukera izango du, eta epearen arriskuari errazago egingo dio aurre. Tamalez, mota honetako errenta finkoa jaulkitzen dutenen kaudimena ez da hain segurua izaten.