Gordailuak eta errenta finkoa ikusita, aztertu beharreko hurrengo inbertsio tresna errenta aldakorra da.

Errenta aldakorrean inbertitzerakoan enpresa zati bat erosten dugula esan daiteke. Zati horri esker enpresak lortzen dituen irabaziak gureganatu ahal izango ditugu. Baina enpresak urte batetik bestera dituen irabaziak aldatu egiten direnez, inbertsioarengatik jasoko dugun etekina ere aldatu egingo da. Hortik datorkio errenta aldakorrari bere izena.

Errenta aldakorrarekin inbertsio munduan beste pausu bat ematen ari gara. Gordailuekin banketxeei maileguak egiten dizkiegula esan daiteke. Errenta finkoarekin maileguak edozein enpresari egitera pasatzen gara, banketxe baten antzera. Azkenik, errenta aldakorraren bidez, edozein motatako negoziotan parte hartzen hasten gara. Pauso bakoitzean etekin aukerak goraka doaz, baina arriskua ere bai.