Enpresa bat sortzerakoan beren jabeek diru kopuru bat jartzen dute —enpresaren kapitala— enpresa lanean hasteko. Jabeak asko nahiz gutxi izan daitezke, eta kapitala handia nahiz txikia. Horren ondorioz, eta kontrola errazteko asmoz, enpresetan kapital hori zati txikitan banatu ohi da, eta jabe bakoitzari jarritako diruaren araberako zati kopurua esleitzen zaio. Kapital zati txiki bakotzari akzio deitzen zaio.

Errenta aldakorrean inbertitzeko akzioetaz baliatuko gara. Enpresa baten akzioak eskuratuz enpresa horren zati baten jabe egingo gara, eta horri esker enpresaren irabazietan parte hartu ahal izango dugu.

Akzio bakoitzaren hasierako balioa edozein izan daiteke, eta enpresaren jabeek jarritako diruaren eta erabakitako akzio kopuruaren arabera zehazten da. Horrela, euro bat baino gutxiagoko akzioak, euro gutxi batzukoak, nahiz ehundaka euroko akzioak dituzten enpresak aurki ditzakegu. Ez da nahastu behar, ordea, akzioaren balio hori akzioa merkea edo garestia izatearekin: hasierako balioa jabeek erabakitzen dute, beren nahierara, eta enpresaren jabetza banatzeko tresna huts bat besterik ez da.

Jakina, zenbat eta akzio gehiago eduki, orduan eta jabetza handiagoa izango dugu, eta, beraz, enpresan agintzeko indar handiagoa, eta baita enpresak sortutako irabaziekiko proportzio handiagoa ere. Hain zuzen, irabaziekiko proportzio hori izango da akzioaren benetako balioa ezarriko duena.