Burtsa enpresen akzioak salerosteko merkatua da. Enpresa baten akzioak erosi edo saldu nahi baditugu zein burtsatan ageri den begiratuko dugu, bertara joan, eta nahi dugun eragiketa egingo dugu.

Burtsa asko daude munduan zehar, adibidez: Mercado Contínuo, Espainiako burtsa nagusia; MAB, Espainiako beste burtsa bat; NYSE, New Yorkeko burtsa; NASDAQ, Estatu Batuetako beste burtsa bat; eta abar luze bat. Eta burtsak ondo dabiltzala ziurtatzeko berauek gainbegiratzen dituzten erakundeak egoten dira. Adibidez, Espainiako burtsetaz Balore Merkatuko Batzordea (CNMV) arduratzen da, Estatu Batuetakoetaz Securities and Exchange Commission (SEC), eta abar. Erakunde hauek enpresen datu ugari argitaratzen dituzte, eta beren web guneak informazio iturri garrantzitsua izan ohi dira.

Enpresak nahi adina burtsetan egon daitezke aldi berean, eta hauen akzioen erosneurria burtsa horietan aritzen diren erosle eta saltzaileen eguneroko trukeak ezartzen du.