Mercado Contínuo Espainiako burtsa nagusia da; bertan biltzen dira Espainiako enpresa nagusienen akzioen saltzaile eta erosleak.

Salmenta (edo erosketa) bat egin ahal izateko enpresa, akzio kopurua, eta akzio bakoitzaren salneurria (erosneurria) adierazten dira, eta salneurriarekin (erosneurriarekin) ados dagoen eroslerik (saltzailerik) badago momentuan saltzen (erosten) da. Edo gerta daiteke ados dagoen eroslea (saltzailea) egotea, baina akzio guztien ordez batzuk bakarrik nahi izatea. Orduan nahi diren akzio horiek bakarrik salduko (erosiko) dira, eta gainerakoak bere horretan jarraituko du.

Gertatzen dena gertatzen dela, azkena gauzatutako salerosketak adierazten du beti akzioaren uneko balioa, eta salerosketak une oro egiten direnez akzioaren balioa ere une oro aldatzen da betetzen diren salerosketen arabera. Horrela, akzioengatik gehiago ordaintzeko prest dauden erosle asko badaude, akzioen balioa igotzen duten salerosketak gertatzen dira. Aldiz, erosleak hainbeste ordaintzeko prest ez badaude, akzioen balioa beheraka mugitu arazten duten salerosketak gertatzen dira.

Bestalde, Mercado Contínuoko erosketa nahiz salmenta bakoitzeko komisio bat ordaindu behar da: burtsa-kanona. Burtsa-kanona eragiketako diru kopuruaren araberakoa da:

Kopurua Burtsa-kanona
300 baino gutxiago 1,10
300 eta 3.000 artean 2,45 + %0,024
3.000 eta 35.000 artean 4,65 + %0,012
35.000 eta 70.000 artean 6,40 + %0,007
70.000 eta 140.000 artean 9,20 + %0,003
140.000 baino gehiago 13,40

Adibidez, demagun 1.500 akzio erosi ditugula, 3,45 eurotan bakoitza. 1.500 x 3,45 = 5.175 euro ordainduko genituzke erosketarengatik, beraz, burtsa-kanona 4,65 + 5.175 x 0,00012 = 5,27 eurokoa izango litzateke.