Mercado Contínuon 100 enpresatik gora daude, horietatik 35 garrantzitsuenak IBEX 35 izeneko indizea osatzeko erabiltzen direlarik. IBEX 35 indizearen balioa berau osatzen duten enpresen akzioen proportzioan kalkulatzen denez, enpresen akzioek goraka egiten badute IBEX 35ek ere goraka egiten du; eta alderantziz. Horregatik IBEX 35 Espainiako burtsaren bilakaera jarraitzeko erabiltzen da, eta, burtsa enpresez osatuta dagoenez, Espainiako ekonomiaren adierazletzat hartzen da.

Hona hemen IBEX 35 indizeak azken urteetan izan duen bilakaera:

IBEX 35

IBEX 35 bezalako ehundaka indize daude, adibidez:

  • EURO STOXX 50: Euroguneko 50 enpresa nagusienen akzioen bilakaera jasotzen duen indizea.
  • Dow Jones: Estatu Batuetako 30 enpresa garrantzitsuenena.
  • S&P 500: Estatu Batuetako 500 enpresa nagusienena.
  • Nikkei 225: Japoniako 225 enpresa nagusienena.

Herrialde bakoitzeko burtsa bat badago, indizea ere ez da urruti ibiliko. Bestalde, sektore bereko enpresen bilakaera jasotzen duten indizeak, ezaugarri beretsuko enpresak jarraitzen dituztenak, eta abar luze bat aurki daitezke.