Errenta aldakorrean inbertitzeko enpresa baten akzioak eskuratzen ditugunez, errenta aldakorreko inbertsioaren etekina enpresa horrek lortzen dituen irabaziak izango dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, enpresak zerbait irabazten duen orduko automatikoki dagokigun zatia jasoko dugunik. Ez. Enpresak bere irabaziak pilatu egiten ditu, eta urtean behin-edo bere jabeek (akziodunek) irabazi horiekin zer egin erabakitzen dute. Irabazi hori akziodunen artean banatzea erabaki dezakete —osorik ala zati bat—, enpresa handitzeko erabili, zorra gutxitzeko, edo auskalo zer gehiagorako.

Irabazia akziodunen artean banatzen denean enpresak dibidenduak banatzen dituela esaten da. Kasu horretan errenta aldakorraren errentagarritasuna erraz neurtu dezakegu dibidendu gisa jasotakoa akzioengatik ordaindu dugunarekin zatituz. Kalkulu horrekin lortzen den neurriari yield deitzen zaio, eta, ehunekotan adierazita, asko erabiltzen da errenta aldakorraren errentagarritasuna aztertzeko.

Adibidez, hona hemen IBEX 35 indizeak azken urteetan izan duen dibidendu bidezko gutxi gorabeherako urteko errentagarritasuna:

Yield IBEX 35

Errenta aldakorraren etekina neurtzeko yield bakarrik begiratzea, ordea, ez da nahikoa. Izan ere, posible da enpresa batek urte batean dibidendu altua ematea, baina hurrengo urteetan zer? Bestalde, enpresa batek bere irabaziekin nahi duena egitea erabaki dezake, eta gerta daiteke irabazi handiak izan baina dibidendu gutxi edo bat ere ez banatzea.

Baina enpresa batek dibidendurik banatzen ez badu, non dago inbertsioaren etekina? Kontua da enpresa batek irabaziak baditu, nahiz eta dibidenduetan ez banatu, orduan enpresak balio handiagoa izango duela, eta, ondorioz, bere akzioengatik gehiago ordaindu nahiko duten erosleak agertzen direla. Horrela, nahi izanez gero, akzioak burtsan saldu ditzakegu, irabazia gauzatuz. Horrek, jakina, inbertsioaren amaiera dakar.

Normalean enpresek dibidenduak banatzea erabakitzen duten arren badira irabaziak pilatzea nahiago duten enpresak. Seguruenik azken honen adibiderik nabarmenena Berkshire Hathaway enpresa amerikarra da, Warren Buffett inbertsore arrakastatsuaren enpresa. Eta urte askotan ere horixe izan da Apple enpresaren portaera.