Aurreko bidalketan aipatu bezala enpresaren irabaziak akziodunen artean bana daitezke. Baina zein akziodunen artean? Irabazi berdinak jasoko dituzte hasiera-hasieratik enpresaren jabe izan direnek eta egun gutxi daramatenek? Erantzuna baiezkoa da. Enpresari ez dio axola akziodunak zein diren, ez akzioak noiztik dituzten, ez eta akzio asko edo gutxi dituzten ere. Banatu beharreko irabazia akzio guztien artean berdin-berdin banatuko da.

Hala ere, akzioak noiznahi salerosten direnez, akziodunak une oro desberdinak izan daitezke. Hori dela eta, dibidendua banatzerakoan egun jakin bat zehazten da. Egun horri ex-dibidendu eguna deitzen zaio, eta egun horren hasieran akziodunak direnek jasotzen dute dibidendua. Baina dibidendua ez da nahitaez egun berean jasoko, burtsa eta bitartekariaren arabera egun batzuk igaro baitaitezke dibidendua jaso arte. Hori bai, dibidendua jasotzen den egunean jasotzen dela, ex-dibidendu egunean akzioaren balioari banatutako dibidenduaren balioa kentzen zaio. Hortik ex-dibidendu izena.

Adibidez, demagun enpresa baten akzioek 5,15 eurotan amaitu zutela atzo, eta gaur bere ex-dibidendu eguna zela, dibidendua akzioko 0,25 zentimokoa izanik. Beraz, gaur goizean merkatua ireki aurretik enpresa horren akzioek 4,90 eurotan hasi dute eguna, eta akzio horien jabeek 0,25 euro jasoko dituzte akzio bakoitzeko.