Errenta aldakorraren etekinak enpresen irabazietatik datozenez, argi dago errenta aldakorra errentagarria izateko akzioen atzean dagoen enpresak ere errentagarria izan behar duela.

Nola jakin dezakegu enpresa bat errentagarria izango dela? Ez dago ziur jakiterik. Edozein unetan enpresari zuzenean eragiten dion berri bat ager daiteke, eta bere irabazien aurreikuspenak hobetu ala hondoratu. Horregatik da, hain zuzen, akzioen balioa hain hegakorra.

Hala ere, normalean enpresen joera dirua irabaztea da, eta noizean behin urte txar bat edo beste eduki daiteken arren epe luzera ohikoena enpresek geroz eta gehiago irabaztea da. Ez da harritzekoa, beraz, burtsa beti igo egiten denaren sineskera. Tamalez, ez da beti horrela enpresa guztientzat, eta kontu izan behar dugu zein enpresetan inbertitu erabakitzerakoan.

Erabakiarekin asmatuko dugula ziurtatu asmoz hainbat eta hainbat ikerketa egin da urtetan zehar. Enpresen halako ezaugarriak begiratu, merkatuko honako baldintzak aztertu, bestelako eragileen eragina neurtu, eta abar, eta abar. Eta guzti horiekin milaka eta milaka parametro eta neurri kalkulatu, eta irabazien garapena aurreikusiko duten eredu matematikoak eratu. Zoritxarrez, dena ezertarako: sistema guztiek huts egiten dute noizbait.

Dena den, errenta aldakorrean inbertitzerakoan, bada gutxienez ezagutu beharreko neurri bat enpresen errentagarritasunaren inguruan: PER.