Berez, errenta aldakorreko inbertsioak ez du amaierarik. Akzioek enpresen jabetza zati bat adierazten dute, eta ez dute eperik. Horrela, enpresak bizirik jarraitzen duen bitartean inbertsioak ere bizirik jarraituko du. Bestalde, errenta aldakorrean ez dago errenta finkoan ikusten genuen ordainketa-hurrenkera berezirik: porrotaren kasuan akzioak azkenak dira beti. Beraz, enpresak porrot egiten badu, akabo inbertsio osoa.

Zorionez, behar izanez gero errenta aldakorrean ere inbertsioa eteteko aukera dugu: akzioak saldu, eta kito. Akzioak edozein unetan saldu daitezke, erraz aurkitu ohi dira erosleak. Guk nahi dugun salneurrian saltzea, ordea, beste kontu bat da. Enpresari ondo joan bazaio, eta irabaziak izan baditu, orduan ez zaigu kostako akzioak erositakoan baino salneurri hobean saltzea. Baina enpresak bere lana oker egin badu, edo etorkizun iluna espero bazaio, orduan auskalo zenbateraino merketu beharko diren salmenta gauzatu ahal izateko.

Inoiz diru beharrarengatik akzioak saldu beharrean gertatzen bagara dagoena onartu beste erremediorik ez dugu izango. Eta kontu izan behar dugu honekin, ustekabean dirutza galdu baitezakegu. Izan ere, epe luzera akzioak goraka egiteko joera izan ohi dute, baina epe motzean edozer gerta daiteke. Horregatik errenta aldakorrean inbertitzerakoan beharko ez dugun dirua erabiltzeko gomendatzen da beti, arrisku honi errazago aurre egiteko.