Orain arte ikusi ditugun etekin guztiak, hau da, gordailuen interesak, eta errenta finkoaren kupoiak nahiz salerosketa bidezko irabazi eta galerak, aurrezkiaren oinarri ezargarrian sartzen diren kapital higigarriaren etekin gisa sailkatzen ditu Ogasunak. Errenta aldakorraren salerosketa bidezko etekinek, ordea, beste sailkapen bat dute. Hainbat alditan aipatu den bezala akzioek enpresaren jabetza adierazten dute, hortaz, akzioen salerosketa ondare aldaketa gisa sailkatzen ditu Ogasunak. Horrela, akzioen salerosketa bidezko irabazi edo galerak aurrezkiaren oinarri ezargarrian sartuko dira, bai, baina ondare irabazi edo galera gisa.

Sailkapen honek zenbait ondorio ditu PFEZ aitorpenean. Lehena aitortu beharreko informazioa da. Akzioen salmenta bakoitzeko akzioen eskuratze eta eskualdatze eguna aitortu behar dira, hau da, noiz erosi eta saldu diren. Eta jakina, akzioen eskuratze eta eskualdatze balioa ere bai. Hau da, zenbatetan erosi eta saldu diren. Baina ez du axola zenbat akzio izan diren, aitortu beharrekoa salerosketa eragiketa bakoitzean mugitutako diru kopurua da. Eta komisio eta gainerako gastuak ere kontuan har daitezke gainera. Hau da, adibidez 10 euroko 500 akzio erosi baditugu, eta erosketa horrek 20 euroko gastuak eragin badizkigu, orduan, eskuratze balioa 10 x 500 + 20 = 5.020 eurokoa izango da. Eta ondoren akzio horiek 11 eurotan saldu baditugu, eta salmenta horretan 25 euroko gastuak ordaindu baditugu, orduan eskualdatze balioa 11 x 500 – 25 = 5.475 eurokoa izango da.

Hurrengo ondorioa etekina kalkulatzeko moduan aurkituko dugu. Errenta finkoaren salerosketan etekina erosneurria eta salneurriaren arteko aldeak ematen zigun zuzenean. Ondare aldaketekin, ordea, eskuratze balioan doiketa bat egiten da lehenik: Ogasunak eguneratze koefiziente batekin biderkatzen du. Horrela eguneratutako eskuratze balio bat lortzen da, eta balio berri hau izango da erabiliko dena etekina kalkulatzeko, eskualdaketa balioarekin batera.

Azken ondorioa galeren konpentsazioaren ingurukoa da: ondare galerak ondare irabaziekin konpentsa daitezke soilik. Hau da, akzioen salerosketaren eraginez dirua galdu badugu, ezin ditugu interes eta kupoiak erabili berauek konpentsatzeko. Galera hauek konpentsatzeko modu bakarra beste ondare irabazi batzuen bidez izango da. Beste ondare irabazi hauek urte berekoak edo hurrengo lau urtetakoak izan daitezke.

Behin aitorpena osatuta Ogasunak urteko ondare irabazi eta galera garbi guztiak batuko ditu. Batura negatiboa bada, hau da, galera izan badugu, Ogasunak ez digu ezer eskatuko beronengatik, eta datozen lau urtetako aitorpenetan konpentsatu ahal izango dugu. Batura positiboa bada, hau da, irabazia izan badugu, ordea, aurrezkiaren oinarrian sartzen diren gainerakoen irabaziarekin pilatuko du, eta bere zatia eskatuko digu. Dagoeneko ikusi dugun bezala zati hori honela kalkulatzen da: etekin osoaren lehen 1.500 euro artekoaren %21, 1.500etik 10.000 artekoaren %23, eta 10.000tik gorakoaren %25.

Bukatzeko, ondare galera eta irabaziek ez dute atxikipenik, eta gainerako etekin guztiekin bezala beren aitorpenean titulartasun portzentajea adierazi behar da.