Aurreko bidalketan aipatu bezala akzioen salerosketaren etekina kalkulatzerakoan eskuratze balioa eguneratze koefiziente batekin biderkatzen da. Koefiziente honek eskuratze egunetik Kontsumoko Prezioen Indizeak izan duen bilakaera hartzen du kontuan, eta eskuratze balioa gaur egun baliokidea litzateken baliora eguneratzen du. Jakina, akzioak urte berean erosi eta saldu badira orduan ez dago eskuratze balioaren eguneratzerik.

Adibidez, hona hemen Gipuzkoako Ogasunak azken hamar urtetako eskuratzeei aplikatu dien eguneratze koefizientea:

Eskuratze urtea 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013
Koefizientea 1,240 1,201 1,161 1,129 1,084 1,081 1,063 1,032 1,010 1,000

Horrela, demagun 2006ean eta 2010ean erosi genituen akzio batzuk saldu genituela iaz. Iaz saldu genituenez aurten egin dugun PFEZ aitorpenean jaso behar izan ditugu. Demagun baita ere 2006ean erosi genituenengatik 5.110 euro ordaindu genituela, eta 2010ean erositakoengatik 5.040 euro. Beraz, PFEZ aitorpena egiterakoan 2006ean erositakoengatik 5.110 euroko eskuratze balioa jarriko dugu, baina Ogasunak 5.110 x 1,161 = 5.932,71 eguneratutako eskuratze balioa erabiliko du etekina kalkulatzeko. Eta 2010ekoengatik, 5.040 euroko eskuratze balioa aitortu arren, 5.040 x 1,063 = 5.357,52 euroko eguneratutako eskuratze balioa erabiliko du etekina kalkulatzeko.

Eguneratze koefiziente hauek eskuratze balioa goraka eguneratzen dutenez —inflazioaren bilakaera hori izan delako, noski— etekin fiskala berezkoa baino txikiagoa izango da, eta ondorioz Ogasunari eman beharreko zatia ere bai.