Akzioen salerosketaren fiskaltasuna argi egon arren badira PFEZ aitorpena nahastu dezaketen zenbait kasu. Adibidez:

  1. Demagun enpresa bateko 750 akzio erosi genituela, 5.175 euroko eskuratze balioarekin. Demagun baita ere, gerora enpresa bereko beste 750 akzio erosi genituela, hauek 4.793 euroko eskuratze balioarekin. Ondoren 750 akzio salduz gero, adibidez 5.087 euroko eskualdatze balioarekin, zer aitortu behar da?

  2. Demagun beste enpresa bateko 3.000 akzio erosi genituela, 5.070 euroko eskuratze balioarekin. Ondoren 2.500 akzio salduz gero, adibidez 4.715 euroko eskualdatze balioarekin, zer aitortu behar da?

Akzioak nahi bezala saldu eta eros daitezkenez, une berean erositako akzioak une desberdinetan saltzea gerta daiteke, une desberdinetan erositakoak batera saltzea, akzioak behin eta berriro erosi eta saltzea, eta abar. Horrek eragin ditzaken nahasmenak gutxitzeko Ogasunak bi arau jarraitzen ditu PFEZ aitorpenean ondare irabazi eta galerentzat: aurrena saltzen den akzioa aurrena erosi dena da, eta eskuratze eta eskualdatze balioak akzio kopuruen proportzioan banatzen dira.

Bi arau hauekin hasierako adibideak honela aitortu beharko dira:

  1. Saldutako 750 akzioak lehendabizi erositako 750ak dira, 5.175 euroko eskuratze eta 5.087 euroko eskualdatze balioarekin.

  2. Erositako 3.000 akziotik 2.500 bakarrik saldu direnez 2.500 akzio horiei dagokien ondare aldaketa bakarrik aitortuko da. Gainerako 500 akzioei dagokien ondare aldaketa berauek saldutakoan aitortuko da. Eta 3.000 akzioen eskuratze balioa 5.070 eurokoa zenez, saldutako 2.500 akzioena 5.070 x 2.500 / 3.000 = 4.225 eurokoa izango da, saldu gabeko 500 akzioak 5.070 x 500 / 3.000 = 845 euroko eskuratze balioarekin geratuz.

Bestalde, bada ezagutu beharreko beste arau bat akzioen salerosketak eragindako galeren inguruan. Arau honen arabera akzio batzuk saltzerakoan galera izan arren galera hori ezingo da aitortu salmenta egunetik bi hilabete lehenago edo ondoren enpresa beraren akzioak erosi badira. Horren ordez, galera hori akzioak betirako —bi hilabeteen arauaren arabera— saldu ahala aitortu ahal izango da. Adibidez, demagun enpresa bateko 500 akzio saldu ditugula, eta salmenta horren ondorioz ondare galera izan dugula. Bi hilabete igaro baino lehen enpresa bereko 300 akzio erosiko bagenitu orduan saldutako 500 akzioak bitan banatu beharko genituzke. Zati bat 300 akziotakoa izango litzateke (berriro erosi direnak), eta bere galera ezingo genuke aitortu berriro erositako 300 akzio horiek saldu arte. Beste zatia gainerako 200 akzioena litzateke. Horren galera bai aitortu daitekela.