Dibidendu bidez jasotzen ditugun irabaziak gordailuen interesak eta errenta finkoaren kupoiak bezala aitortzen dira, hau da, aurrezkiaren oinarri ezargarrian sartzen den kapital higigarriaren etekin gisa. Horrela, jasotzen dugun dibidendu bakoitzeko etekina, atxikipena, eta titulartasun portzentajea aitortu beharko dugu. Interes eta kupoien atxikipen bera du, %21 alegia, eta elkarren artean guztiz konpentsagarriak dira, gainera.

Interes eta kupoien aldean, ordea, dibidenduek berezitasun bat dute: lehen 1.500 euroak PFEZtik salbuetsita daude. Aitortutako dibidendu guztien atxikipenak hartuko dira kontuan, noski, baina dibidenduen lehen 1.500 euroak ez dira erabiliko Ogasunari dagokion zatia kalkulatzeko.

Adibidez, demagun urtean zehar 2.500 euro jaso ditugula dibidendutan, eta 800 euro interes eta kupoietan. Orduan, dibidendu gisa 2.500 – 1.500 = 1.000 euro bakarrik erabiliko ditu Ogasunak PFEZ kalkulurako, eta 1.000 + 800 = 1.800 izango da aurrezkiaren oinarri ezargarria. Hortaz, Ogasunarentzako zatia 1.500 x 0,21 + (1.800-1.500) x 0,23 = 384 eurokoa izango da. Eta dibidenduen atxikipenak 2.500 x 0,21 = 525 euro, eta interes eta kupoienak 800 x 0,21 = 168 euro izan badira, orduan Ogasunak (525+168) – 384 = 309 euro itzuli beharko dizkigu.

Bestalde, demagun urtean zehar jaso ditugun dibidenduak ez direla 1.500 euroetara iristen. Orduan dibidendurik jaso ez bagenu bezala izango da fiskalki, nahiz eta beren atxikipineak bai erabili Ogasunari ordaindu beharrekotik deskontatzeko.

Kontuan izan behar da, ordea, lehen 1.500 euroen salbuespenean sartzeko dibidenduek baldintza bat bete behar dutela. Hain zuzen ere, dibidenduen jatorri izan diren akzioek gutxienez bi hilabete lehenago erositakoak izan behar dute. Eta horrela ez bada orduan akzioek gutxienez bi hilabete egon behar dute saldu gabe dibidenduak jaso eta gero.

ZergaBidea programan dibidenduak aitortzerakoan salbuespena duten dibidenduentzako atal berezia aurkituko dugu kapital higigarriari dagokion errenten atalean. Hor jarriko ditugu salbuespenerako baldintzak betetzen dituzten guztiak. Gainerakoak, hau da, salbuespenik ez dutenak, ordea, interes eta kupoien atal berean aitortuko ditugu, etekin motarako K gakoa erabiliz. Hortik aurrerako kalkulu guztiak, salbuespena barne, programak berak egingo dizkigu.