Enpresak akziodunari dirua banatzeko beste aukera bat kapital murrizketa da. Banaketa hau, ordea, ez da dibidenduekin nahastu behar. Dibidenduetan irabaziak banatzen dira; kapital murrizketetan enpresaren ondarea osatzeko jarritako dirua (kapitala edo jaulkipen prima) itzultzen da.

Kapital murrizketak ez du atxikipenik, eta horretaz gain Ogasunak trataera berezia ematen dio. Hasiera batean ez da etekintzat hartzen. Horren ordez jasotako diruak akzioen eskuratze balioa gutxitzen du, eta akzioak saltzerakoan gertatzen den ondare irabazi edo galeraren aitorpenean jaso behar da soilik. Hala ere, gerta daiteke kapital murrizketaren (edo hainbat murrizketen) eraginez eskuratze balioa zeroraino iristea. Kasu horretan gainerakoa salbuespenik gabeko dibidendu gisa aitortu behar da.

Adibidez, demagun enpresa baten akzioak erosi genituela, 4.980 eurotan, eta enpresak akzio horiengatik 500 euroko kapital murrizketa itzuli digula. Hasiera batean 500 euro horiengatik ez dugu ezer aitortuko, ez eta zergarik ordainduko, baina akzioak noizbait salduz gero beraien eskuratze balioa 4.980 – 500 = 4.480 eurokoa izan dela aitortu beharko dugu.

Eta demagun urtetan zehar enpresa hori kapital murrizketak egiten aritu dela, eta murrizketa horien ondorioz akzioen eskuratze balioa 146 euro arte gutxitu dugula. Horrela, beste kapital murrizketa baten ondorioz 300 euro gehiago jasoko bagenitu, orduan PFEZ aitorpenean 300 – 146 = 154 euroko etekina adierazi beharko genuke, eta akzioak noizbait salduz gero beraien eskuratze balioa 0 dela aitortu. Hortik aurrerako kapital murrizketa guztiak, noski, etekin gisa aitortu beharko genituzke aldiero.

Kapital murrizketen fiskaltasun berezi hau dela eta, erraza da PFEZ aitorpenean nahastea. Horregatik, ondo gorde finantza-erakundeak ematen dizkigun ziurtagiriak, urteak pasa baitaitezke kapital murrizketaren eragina PFEZ aitorpenean jaso arte.