Scrip dibidendua dibidendu mota berezi bat da. Berari esker enpresak akziodun bakoitzaren esku uzten du irabaziak dibidendu gisa jaso ala enpresan pilatu. Horretarako, akzio bakoitzeko harpidetza eskubide bat ematen dio enpresak akziodunari, eta akziodunak eskubide horrekin zer egin erabaki dezake: diru ala akzio bihurtu. Eskubidea diru bihurtzeko enpresak eskubide bakoitzaren balioa zehazten du. Aldi berean, eskubideak akzio bihurtzeko akzio berri bakoitzerako zenbat eskubide behar diren adierazten du. Horrela, akziodunak dibidendua dirutan jaso nahi badu enpresari adierazi, eta honek eskubideak dirutan ordainduko dizkio. Orduan, dibidendu arrunta bezala izango da, atxikipen, salbuespen, eta gainerako ezaugarri fiskal guziekin. Aldiz, eskubideak akzio bihurtzea eskatzen badu orduan ez du dirurik jasoko, baina bere inbertsioa akzio bihurtu berri horiekin handituko da.

Adibidez, demagun enpresa baten 1.000 akzio erosi genituela, eta enpresak scrip dibidendua banatzen duela, eskubide bakoitzeko 0,15 euro eskainiz, eta akzio berri bat osatzeko 40 eskubide behar direla adieraziz. Scrip dibidendua dirutan jaso nahi dugula adieraziko bagenu, orduan eskubideak dibidendu bihurtu, eta 1.000 x 0,15 = 150 euroko dibidendua jasoko genuke. Aldiz, scrip dibidendua akziotan jaso nahi dugula adieraziko bagenu, orduan 1.000 / 40 = 25 akzio berri jasoko genituzke.

Bigarren kasu honetan ez da ezer adierazi behar PFEZ aitorpenean. Gertatu dena gure inbertsioa 1.000 akziokoa izatetik 1.040koa izatera pasa dela da. Horrela, 1.040 akzio horiek saldutakoan bakarrik aitortu beharko dugu ondare galera edo irabazia. Salmentaren aitorpen horretan eskuratze balioa jatorrizko 1.000 akzioena izango da, eta eskualdatze balioa amaierako 1.040 akzioena.

Bestalde, bada scrip dibidenduarekin egin daiteken hirugarren aukera bat: eskubideak, akzioak bezalaxe, merkatuan saldu daitezke. Hirugarren kasu honetan salmentarengatik jasoko dugun etekina ondare irabazi gisa izango da Ogasunarentzat, fiskaltasun berberarekin. Horrela, saldutako eskubideengatik eskuratze eguna eta balioa, eta eskualdatze eguna eta balioa aitortu beharko da. Eskuratze eguna eskubideak jaso ditugun eguna izango da, eta eskuratze balioa eskubideengatik ordaindu duguna. Scrip dibidenduetan eskuratze balioa 0 izan ohi da, baina ZergaBidea programak 0 onartzen ez duenez 0,01 euro jar daiteke. Eskualdatze eguna salmenta eguna izango da, eta eskualdatze balioa eskubideengatik lortu dugun dirua. Eskuratze balioan 0 ordez 0,01 jarri badugu orduan eskualdatze balioari ere 0,01 gehituko diogu etekina behar bezala ager dadin.

Harpidetza eskubide batzuk saldu, eta beste batzuk diru edo akzio bihurtzen baditugu, eskubideen eragina jasaten duten akzioak zein diren erabakitzeko akzioen salerosketen kasuetarako erabiltzen diren arau berak jarraituko dira, hau da, aurrena saltzen diren eskubideak aurrena erositako akzioei dagozkie.

Scrip dibidenduarekin edozer egiten dugula ere, dibidendu arruntak bezala scrip dibidenduak ere bere ex-dibidendu eguna dauka. Egun horren hasieran akziodunak direnek bakarrik jasoko dituzte harpidetza eskubideak, beren akzioei enpresak eskubideei emandako balioa gutxituz.