Errenta aldakorra da, dudarik gabe, gure aurrezkiei etekina ateratzeko dagoen inbertsiorik hoberena. Azken batean, errenta aldakorrarekin enpresen jabe bihurtzen gara, eta denok dakigu zein den enpresen egitekoa: dirua irabazi. Horretaz aparte, ikusi dugu baita ere errenta aldakorraren etekinek gainerakoen aldean dituzten abantaila fiskalak. Batetik, dibidenduen lehen 1.500 euroak PFEZetik salbuetsita daude; bestetik, enpresak irabaziak bere baitan pilatuz gero akzioen balioa nahi adina igo daiteke Ogasunari ezer ordaindu beharrik izan gabe; azkenik, akzioak salduz gero inflazioaren aurka babesten gaituzten eguneratze koefizienteak daude.

Errenta aldakorrak, ordea, badu baita ere bere alderdi txarra: ziurgabetasuna. Enpresa baten akzioak erosten ditugunean ez dakigu benetan zenbat irabaziko duen, eta hori burtsak hain berezkoa duen hegakortasuna ahaztu gabe. Horren eraginez, errenta aldakorrean inbertitzerakoan garbi eduki behar dugu dirua galtzeko arriskua gordailu edo errenta finkoarekin baino askoz handiagoa dela.

Edozein kasutan, errenta aldakorrean inbertitzerakoan garrantzitsua da gutxienez etekinak zein eratan jaso nahi ditugun erabakitzea. Aldizkako errentak nahi baditugu orduan dibidenduak banatzeko joera duten akzioak erostea komeni zaigu. Kasu honetan ez dira hain erabakigarriak izaten akzioaren balioaren gorabeherak; enpresak dibidenduak banatzen dituen bitartean dena ondo joango da.

Baina zergei begira eraginkorragoa izan ohi da dibidenduak banatu beharrean irabaziak enpresan pilatzen dituzten akzioak. Kasu horretan etekina akzioen salmentarekin lortuko dugu, inbertsioa gehien komeni zaigun unean etenda. Horrelakoetan, ordea, bai egongo garela akzioen balioaren baitan, balio igoerak bakarrik emango baitigu irabazia. Horregatik, inbertitzeko modu honetan, ondo etorri ohi da inbertsioa noiz eten aurrez erabakitzea. Adibidez, inbertsioari epe bat eman geniezaioke, edota inbertsioa eteteko gutxieneko irabazi nahiz gehieneko galera bat ezarri.

Errenta aldakorrean inbertitzeko modua edozein dela ere, argi eduki behar da inbertsioak bere denbora beharko duela irabaziak sortzeko. Ez hasi akzioak erosi eta egun gutxira saltzen. Burtsaren hegakortasunak oso erakargarria egiten du dirua irabazteko modu hau, bai, baina frogatuta dago hori dela errenta aldakorrean inbertitzeko modurik txarrena. Horrela arituta arrakasta izan daiteken arren, kontrolik gabeko salerosketak epe luzean galerak seguruagoak ditu irabaziak baino.