Orain arte blog honetan fiskaltasunari buruz kontatutakoa 2013an lortutako etekinei dagokiena izan da. Eta zehatzago esanda, Gipuzkoan bizi garenoi dagokiguna. Tamalez, ez da harritzekoa urte batetik bestera fiskaltasunean aldaketak egotea. Horrelaxe gertatu da, hain zuzen, duela zenbait hilabete.

Adibidez, aldaketa egon da etekinetatik Ogasunari dagokion zatia kalkulatzeko moduan. 2013ko etekinentzat honela kalkulatzen zen:

Etekina Ogasunari
1.500,00era arte %21,00
1.500,01etik 10.000,00raino %23,00
10.000,01etik gora %25,00

2014eko etekinentzat, hau da, 2015ean egingo dugun aitorpenerako, taula hau erabiliko da:

Etekina Ogasunari
2.500,00era arte %20,00
2.500,01etik 10.000,00raino %21,00
10.000,01etik 15.000,00raino %22,00
15.000,01etik 30.000,00raino %23,00
30.000,01etik gora %25,00

Adibidez, urtean 1.756 euroko etekina izanez gero, 2013an 1.500 x 0,21 + (1.756-1.500) x 0,23 = 373,88 zen Ogasunarentzako zatia. 2014ko etekinentzat 1.756 x 0,20 = 351,20 izango da. Edo 12.200 euroko etekina izanez gero, 2013an 1.500 x 0,21 + (10.000-1.500) x 0,23 + (12.200-10.000) x 0,25 = 2.820 zen Ogasunarentzako zatia. 2014ean, 2.500 x 0,20 + (10.000-2.500) x 0,21 + (12.200-10.000) x 0,22 = 2.559 izango da.

Bestalde, ondare irabazi eta galerak kalkulatzeko eskuratze balioaren eguneratze koefizienteak ere egokitu dira. Hauek dira hurrengo PFEZ aitorpenean erabiliko direnak:

Eskuratze urtea 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014
Koefizientea 1,226 1,186 1,153 1,107 1,104 1,086 1,053 1,030 1,010 1,000

Bi aldaketa hauek izan ezik, gainerako guztiak (atxikipenak, salbuespenak, hobariak, eta abar) berdin jarraitzen du. Hala ere, bada oraindik beste berrikuntza bat. Berrikuntza honen arabera akzioen salmentagatik izandako irabazietatik Ogasunari dagokion zatia kalkulatzeko bigarren aukera bat eskaintzen zaigu. Orain arte ikusitakoaren arabera salerosketaren etekina gainerako etekinekin bateratzen zen, etekin hori eskualdatze eta eskuratze balioen aldearen araberakoa zelarik. 2014tik aurrera Ogasunarentzako zatia eskualdatze balioaren araberakoa bakarrik izatea aukera dezakegu, eskualdatze balioaren %3, hain zuzen ere. Hau da, ez dio axolako akzioak noiz eskuratu diren, zenbatetan, etekinaren zenbatekoa, eta horrelakoak; eskualdatze balioa nahikoa izango da, eta horren %3 izango da Ogasunak beretzako hartuko duena. Bigarren aukera hau erabiltzeko, ordea, baldintza bat bete behar da: akzioen eskualdatze guztien batura 10.000 eurotik beherakoa izatea.

Bigarren aukera hau interesgarria izan daiteke, asko errazten baitu akzioen salerosketaren aitorpena. Hala ere, salerosketa bidez lortutako irabazia handia izan ezean —eskuratze balio eguneratuaren %18 edo gehiago—, orain arteko moduarekin baino gehiago eman beharko genioke Ogasunari, eta, gainera, bestelako galerak konpentsatzeko aukerarik gabe. Beraz, etekinak ondo aztertu aukera hau erabiltzea erabaki aurretik. Eta adi, Ogasunak aitorpen proposamena bidaltzerakoan bigarren modu hau erabiliko baitu.

Ohar garrantzitsua: Lurralde batetik bestera aldaketak egon daitezke fiskaltasunean. Blog honetan kontatzen dudana Gipuzkoan bizi garenontzako da. Bestalde, urte batetik bestera ere aldaketak egon daitezke. Orain arte kontatutakoa 2013 urteko etekinentzat egokituta egon da. Hemendik aurrerakoa aldaketa berriei egokituta egongo da.