Higiezinak etxebizitzak, lur-sailak, lokalak, garajeak, eta antzeko ondasunak dira. Normalean norberaren erabilerarako eskuratzen diren arren inbertsio gisa ere erabil daitezke alokairuaren bitartez. Horrela, gure aurrezkiekin higiezinak eskuratu, alokatu, eta errenta jaso dezakegu.

Baina higiezinetan inbertitzea ez da hain erraza. Adibidez, inbertsiorako behar den diru kopurua oso handia izan daiteke, edota higiezinaren arabera alokairurako baldintzak ez hain interesgarriak. Bestalde, gogoratu blog honetan kontatzen dudana daukagun diruari etekina ateratzeko dela. Ahaztu maileguak eta hipotekak, horrelakoetara jo behar izanez gero inbertsioak oso modu desberdinean planteatu behar baitira. Horregatik higiezin mota bakarra azalduko dut hemen: garajea.

Garaje bat erosteko dirua behar da, noski, baina ez adibidez lokal handi bat erosteko adina. Horretaz gain, etxebizitzekin ez bezala, ez dago inolako mugarik garajeen alokairuaren inguruan: nahi den epea, baldintzak, gastuak, eta abar adostu daitezke.