Garai batean ondasunak erostea zen aurrezkiak bideratzeko erabiltzen zen bide bakarrenetakoa. Inflazioa oso handia zen, eta inbertsiorako produktuak eskasak, beraz, oso zaila zen aurrezkiei behar bezalako etekina ateratzea. Horregatik, aurreztu baino, hobe zen dirua ondasunetan gastatzea. Eta zein ondasun norberaren etxebizitza baino hobe? Azken batean denok behar dugu bizileku bat. Gainera ez zion axola etxebizitza erosteko behar adina diru ez edukitzea: mailegua eska zitekeen. Horrela, lan egonkorra izanez gero, etxebizitza bat erostea guztiz bideragarria zen, eta aldi berean zentzuzko inbertsioa. Eta hori dena estatuak ematen zituen erraztasun eta abantaila fiskalak ahaztu gabe.

Tamalez, egoera bere onetik atera zen. Inbertsiorako baldintzak aldatu egin ziren, baina mundu guztiak etxebizitza baten jabe izan nahiean jarraitzen zuen, benetan komenigarria zuten ala ez aztertu gabe. Etxebizitza bat erosi behar zen, eta kito. Horrek, jakina, zentzugabekeria ugari ekarri zituen, eta denok ezagutzen ditugu ondorioak.

Hala ere, ez gaizki ulertu. Etxebizitza erostea ez da nahitaez aukera txarra. Baina aukera ona ez izatea ere gerta daiteke. Izan ere, inbertsio guztiek bezala, etxebezitza erosteak arriskuak ditu, eta horiek ondo aztertu behar dira erosteko pausoa eman baino lehen. Gainera, beti dago alokairuan bizitzeko aukera. Izan ere, alokairuan bizita erraztasun handiagoa izango dugu egoera berrietara egokitzeko, bai etxez aldatuz, bai alokairuaren zenbatekoa birnegoziatuz ere. Etxebizitza erosita, ordea, betirako mailegu batekin lotuta gera gaitezke, aldaketei aurre ezin eginda.

Eta ez kezkatu alokairuan bizitzea dirua botatzea dela dioten horiengatik. Horietako asko ezagutzen ditut 200.000 euroko etxea erosi, eta maileguen interesen eraginez azkenean 300.000 euro baino gehiago ordaintzen ari direnak. Eta etxebizitza saldu ezinik ordainetan 150.000 euro baino gutxiago jasoko lituzketelako. Hori bai dirua eta bizitza harrika botatzea.