Garaje bat erosteko modurik errazena higiezinen agentzia batera jotzea da. Beste aukera bat Interneteko iragarki-guneetan begiratzea izan daiteke, adibidez, Idealista, Fotocasa, eta horrelakoetan. Agentzia bidez egiten bada garajea erosteko izapide guztietaz agentzia bera arduratu ohi da. Hori bai, ordainetan zenbateko bat emanda. Tratua zuzenean saltzailearekin eginez gero orduan guk geuk arduratu beharko dugu pauso guztietaz.

Garajea aukeratu ondoren lehen pausoa erosneurria adostea da, noski. Horretarako kontuan izan behar dugu saltzaileak eskatzen duena zerga eta gainerako gastuetatik garbi jaso nahi duena izan ohi dela. Horrela, saltzaileak eskatzen duenari normalean ondorengoa gehitu beharko diogu:

  • Eraikuntza berrietan, hau da, saltzailea eraikuntzaren sustatzailea bera denean, erosneurriari %21 gehitu behar diogu BEZ gisa —BEZ saltzaileari berari ordaintzen diogu—.

  • Eraikuntza bigarren eskukoa bada orduan ez da BEZ ordaintzen, baina horren ordez Ondare Eskualdaketaren Zerga ordaindu behar da. Zerga hau erosneurriaren %7koa da, eta zuzenean Ogasunera joanda ordaindu behar dugu erosketa egunetik 30 egun igaro baino lehen.

  • Salerosketa notario aurrean eskrituratzen da, eta horretarako, noski, notarioari bere zenbatekoa ordaindu behar diogu. Bota 200 eurotik gora.

  • Garajea gure izenean behar bezala ageri dela ziurtatzeko Jabetza Errejistroan jasotzen da. Horretarako salerosketaren eskriturak eta zergak ordaindu izanaren agiriak eraman behar dira Jabetza Erregistrora, eta dagokion tasa ordaindu. Beste 100 eurotik gora.

  • Aurreko guztia agentzia baten bidez egin badugu honek ere bere zenbatekoa eskatuko digu. Ez harritu 200 eurotik gora eskatzen badizkigu.

Aurrekoetaz aparte gastu gehiago egon daitezke baina horiek saltzailearen kontura izan ohi dira. Adibidez, baliteke saltzaileak garajearen gaineko hipoteka izatea. Garajea hipotekarik gabe erosiko dugu, noski, eta hipoteka ezerezteko gasturik balego saltzaileak ordaindu beharko lituzke. Edo garajeko beste zenbait gastu edo zerga oraindik ordaindu gabe egon daitezke. Adibidez, komunitateko gastuak, Ondare Higiezinen Zerga, eta abar. Horiek ere saltzailearen kontura dira. Azken batean, garajea garbi jaso behar dugu.

Behin erosneurria adostuta notaritzan ordua eskatu behar da. Kontuan izan salerosketa notario aurrean gauzatzen dela. Notarioak garajeak hipotekarik duen ala ez begiratzen du, salerosketaren berezitasunak azaldu, eta dena ondo badago garajea une horretan bertan ordaintzen da. Garajearen giltzak jaso eta listo. Egun gutxira eskriturak jasotzeko deituko digute, eta hauekin gainerako tramiteak —Ogasunekoak, Jabetza Erregistrokoak, eta abar— osatu ahal izango ditugu.

Bestalde, notaritzan bildu arte zenbait egun pasa daitezkenez aurrekontratu moduko bat sinatu daiteke saltzailearekin. Bertan salerosketaren zehaztasunak adierazten dira, erosleak aurrerapen txiki bat ordaintzen du, eta bietako inor damutuz gero besteari eman beharreko kalte-ordainak erabakitzen dira. Aurrekontratu hau, ordea, ez da derrigorrezkoa.