Garajea erosi ondoren zenbait gasturi egin beharko diogu aurre. Horietan lehenak komunitate kuotak dira. Erosten dugun garajeak normalean beste hainbat garajerekin komunitate bat osatzen du, eta komunitateko gastu amankomunei aurre egiteko partaide bakoitzak ordaindu beharreko kuota bat izaten du. Adibidez, hilean ala urtean behin zenbateko jakin bat ordaintzea erabaki daiteke, diru horrekin komunitateko argindarra, ura, garbiketa, suteen aurkako gailuak, eta abar ordaintzeko. Noizean behin sor daiteken gastu bereziei aurre egiteko kuota gehiagarriak ere egon daitezke. Kuoten zenbatekoa, eta ordaintzeko modua komunitatean adosten dira.

Garaje batek izan dezaken beste gastu bat aseguruarena da. Lapurretaren aurkako asegurua, suteen aurkakoa, erantzukizun zibilekoa, eta abar. Baina garajeen kasuan asegurua edukitzea ez da derrigorrezkoa, eta normalean ez da halakorik egiten.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) da beste gastu arrunt bat. Zerga hau garajea dagoen herriko udalak kobratuko digu, urtean behin, eta kontribuzio izenez ere ezagutzen da. Herri batetik bestera asko alda daiteke, baina beti garajearen balio katastralaren araberakoa izan ohi da. Horregatik, OHZ kobratzen digutenean garajearen katastro zenbakia, eta eraikuntza eta lurraren katastro balioa azaltzen dituen ordainagiria luzatuko digu udalak guk ezer esan gabe ere.

Azkenik garajean zerbait konpondu edo hobetzea gerta daiteke. Adibidez, zerraila berria jarri, argiztapen konponketak, pintaketa, eta abar. Gutxitan egokituko zaigu horrelako zerbait, baina gastu horiek ere kontuan hartu behar dira.