Garajea alokairuan edukitzea oso erraza da: garajea erabili nahi duen norbait aurkitu, alokairuaren baldintzak eta zenbatekoa adostu, giltzak eman, eta kito. Gainerako higiezinetan hainbat muga eta legezko baldintza dauden arren, garajeek ez dute horrelakorik, eta nahi den edozer adostu daiteke. Adostasuna, gainera, nahi bezala jaso daiteke. Adibidez, hitzezko akordioa nahikoa da, nahiz eta komenigarria den gutxienez idatzizko kontratu bat erabiltzea. Baina ez da notario edo ezeren beharrik kontratu hori egiteko, norberak presta lezake. Hori bai, ondo jarri kontratuan zer den alokatzen dena, eta nork eta nori alokatzen den.

Akordioa edozein eratan jasota ere, gutxienez ondorengoa adostea komeni da:

  • Alokairuaren epea. Alokairua noiz hasi eta bukatzen den adostu behar da. Egun batzuk, hilabeteak, urteak, … nahi dena erabaki daiteke. Adibidez, oso ohikoa da urtebeterako izatea.

  • Garajearen erabilera. Normalean garajea nahi den edozertarako erabiltzen uzten da, baina kotxea uzteko bakarrik, gauzak jasotzeko, edo beste edozein muga ezar daiteke.

  • Gastuen ardura. Normalena garajearen gastu arruntak jabearen gain uztea da, eta gainerakoak maizterraren kontu, baina adostu daiteke bestela ere.

  • Kalteen ardura. Kalte motaren arabera ardura modu desberdinean banatu ohi da. Garajearen erabilerak sor ditzaken kalteak, garajeak berez jasan ditzaken kalteak, lapurretak, istripuak, eta abar dauzkagu. Normalean garajearen erabilgarritasunari eragiten dioten kalteak jabearen ardura izatea adostu ohi da, baina gainerakoak ez.

  • Garajean obra edo aldaketak egitea. Askatasun osoa eman daiteken arren gutxienez jabearen baimena izatea adostu ohi da.

  • Garajea beste bati alokatzea. Normalean maizterrari ez zaio uzten garajea beste inori alokatzen, edota erabilera banatzen.

  • Alokairua etetea. Normalean alokairua epea amaitu arte mantentzen den arren, alokairua aurrez eteteko baldintzak adostea ondo etor daiteke. Adibidez, garajea behar bezala ez erabiltzea, ordainketetan atzeratzea, eta antzeko arrazoiak aipa daitezke alokairua aurrez eteteko. Horrelakoetarako kalte ordainak adostea ere posible da.

  • Alokairua berritzea. Alokairuaren epea amaitutakoan berau automatikoki berritzea adostu ohi da, adibidez, epe amaiera baino hamabost egun lehenago inork ezer esan ezean, alokairua beste urtebetez luzatuko dela.

  • Ordainketa. Aurretik, zatika, eskudirutan, transferentzia bidez, … nahi dena adostu daiteke. Normalean hileroko ordainketa adostu ohi da, hil bakoitza aurretik.

Beste zenbait baldintza ondorengoak lirateke:

  • Fidantza. Alokairua adosten denean maizterrak jabeari ematen dion diru kopuru bat da, normalean hilabete bateko errenta adina. Jabeak maizterrak sortutako kalteei aurre egiteko erabil dezake, baina alokairua amaitu, eta dena ondo badago, fidantza oso-osorik itzuli behar da.

  • Lehentasunez erosteko eskubidea. Gerta daiteke alokairua amaitu baino lehen jabeak garajea saldu nahi izatea. Horrelakoetan maizterrak erosteko lehentasuna izatea adostu daiteke.

  • Liskarren ebazpena. Kontratuarekin arazorik sortuz gero berauek nola ebatzi adostu daiteke, adibidez, herriko epaitegietara joaz.

Baldintza guztiak adostuta alokairuaren zenbatekoa erabakitzen da. Jakina, adostutako baldintzen arabera asko alda daiteke zenbateko hori. Bestalde, epe luzeko alokairuetan, edo urtero berritzen direnetan, oso ohikoa da urte bakoitzean hileko zenbatekoa aurreko urteko KPI aldaketaren arabera eguneratuko dela adostea.