Gainerako inbertsioekin bezala garajearen alokairuarengatik jasotzen dugun errenta PFEZ aitorpenean jaso behar da. Errenta hori kapital higiezinen etekin gisa sailkatzen da, etxebizitzaz besteko errentamendu bezala, hain zuzen ere.

Alokatuta daukagun higiezin bakoitzeko higiezinaren datuak, hau da, helbidea eta katastro zenbakia, maizterrarenak, hau da, izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia, eta alokairuaren ordainetan jasotako kopuru osoa aitortu behar dira. Bestalde, higiezinarengatik jasan ditugun gastuak ere aitor ditzakegu, gastu hauek etekina gutxituko dutelarik. Izan ere, jasotako errentari gastuak kendu ondoren geratzen den etekin garbia izango da Ogasunak erabiliko duena bere zatia kalkulatzeko.

Ohar bat, hala ere, gastuen inguruan: alokairuak iraun duen bitartean ordaindu ditugun gastuak bakarrik erabil daitezke etekinaren kengarri gisa. Honek zenbait zalantza sor ditzake, izan ere, gerta daiteke zenbait gastu urte osorako izatea —adibidez OHZ, aseguruak, eta komunitate kuotak—, baina alokairua hilabete batzutan bakarrik izatea. Kasu horretan urteko gastua alokairuak iraun duen egunen proportzioan banatu behar da.

Badago, baita ere, gastu gisa erabil daiteken beste zerbait: higiezinaren amortizazioa. Urteak iragan ahala, higiezinak pixkanaka hondatuz doaz, eta beren balioa gutxitu egiten da. Adibidez, ez dute berdin balio etxe eraiki berri batek, eta urte mordo bat duen bigarren eskuko etxe batek. Garajearen kasuan ere horrelaxe da, eta horregatik Ogasunak balio galera hori gastu gisa jasotzeko aukera eskaintzen digu. Hori da, hain zuzen, higiezinaren amortizazioa. Hori bai, ezin da nahi den besteko amortizazioa aitortu, gehieneko muga bat ezartzen du Ogasunak. Muga hori eraikuntza balioaren %3 da, urteko. Kontuan izan eraikuntza balioa ez dela garajearengatik ordaindutako guztia, baizik eta ordaindutakoari lurzoruaren balioa kenduta geratzen dena. Gerta daiteke lurzoruaren balioa ez ezagutzea; horrelakoetan katastro balioen proportzio berak erabil daitezke eraikuntza balioa kalkulatzeko. Gogoratu OHZren ordainagirian aurki diatzakegula balio horiek. Eta ez ahaztu gastuek beti alokairuak iraun duen egunen proportzioan bakarrik balio dutela. Garbi izan, baita ere, ezinezkoa dela higiezinaren balioaren %100 baino gehiago amortizatzea, alokairua urtetan eduki arren. Urtetako amortizazioak batuz %100era iritsiz gero hortik aurrera ezingo da amortizazio gasturik aitortu.

Bukatzeko, jakin gastu kengarrien baturak ezin duela etekin garbi negatiborik sortu. Negatiboa izanez gero Ogasunak ez digu ezer gehiago kenduko, baina ezingo da konpentsatu. Eta hori ondasun higiezin bakoitzeko da horrela. Gogoan izan, gainera, aitortzen diren etekin eta gastu guztien frogagiriak aurkeztu beharko direla.