Aurreko bidalketan garajearen alokairua PFEZ aitorpenean zein eratara jasotzen den, eta etekin garbia nola kalkulatzen den ikusi dugu. Etekin garbi horretatik Ogasunaren zatia zenbatekoa den ikustea falta zaigu, ordea.

Gai honetan aldaketa handia dago orain arte azaldutakoarekin. Ikusitako gainerako etekin mota guztiekin —interesak, kupoiak, dibidenduak, eta abar— Ogasunak pila bakarra osatzen zuen —aurrezpenarena—, eta pila oso hori erabiltzen zuen bere zatia kalkulatzeko. Garajearen alokairua, ordea, ez doa aurrezpenaren pilara. Horren ordez, Ogasunak pila orokorrean sartzen du, lanaren eta jarduera ekonomikoen etekinekin batera, eta bere zatia kalkulatzeko ondorengo taula erabiltzen du:

Etekina Ogasunari
15.550,00era arte %23,00
15.550,01etik 31.100,00eraino %28,00
31.100,01etik 46.650,00eraino %35,00
46.650,01etik 66.640,00eraino %40,00
66.640,01etik 92.310,00eraino %45,00
92.310,01etik 123.070,00eraino %46,00
123.070,01etik 179.460,00eraino %47,00
179.460,01etik gora %49,00

Taula hau ikusita badirudi %23 izango dela beti Ogasunarentzako zatia, zaila baita alokairutan 15.550 euro baino gehiago lortzea. Hala ere, ez ahaztu alokairua soldatari gehitzen zaiola taula aplikatu aurretik. Horrela, aski litzateke adibidez hilean 1.000 euroko soldata garbia edukitzea Ogasunari alokairuaren %28 eman behar izateko.

Bitxikeria gisa, aipatu behar da alokatutakoa etxebizitza balitz orduan alokairuan jasotakoa aurrezpenaren etekinen pilara joango litzatekela. Etxebizitza ez diren gainerako higiezinekin egiten du Ogasunak hemen azaldutakoa.