Demagun apirilaren batean garajea urte baterako alokatu dugula, hilean 85 euroko errentarekin. Berez, alokairu osoa 85 x 12 = 1.020 eurokoa izango litzateke, baina PFEZ aitorpenean ekitaldiko etekinak bakarrik jaso behar direnez, abendura arteko errentak bakarrik aitortu ahalko genituzke, eta, beraz, 85 x 9 = 765 euro izango litzateke alokairuarengatik lortutako etekin osoa.

Bestalde, demagun garajeak 8 euroko komunitate kuota duela hilean, eta OHZ 35 eurokoa izan dela urtean. Gerta daiteke alokairuaren baldintzak erabakitzean gastuak maizterraren kontura izatea adostu izana. Horrela balitz gastu horiek aitorpenerako ezingo lirateke erabili. Baina demagun gastu horiek gure kontura izan direla. Orduan, 9 hilabeteko alokairua aitortzen ari garenez (275 egun) gastu kengarriak horren proportzioan aitor ditzakegu. Horrela, aitortuko dugun komunitate gastua 8 x 9 = 72 euro izango da, eta OHZri dagokiona 35 x 275/365 = 26,74 euro.

Azkenik, demagun garajearen amortizazioa jasoko dugula PFEZ aitorpenean. Garajearengatik guztira 16.200 euro ordaindu baditugu, gehienez amortizatu dezakegun kopurua jakiteko lurzoruaren balioa kendu behar diogu horri. Demagun ez dakigula zenbatekoa den, baina azken katastro balioak 11.700 euro eta 1.050 euro direla balio osorako eta lurzoruaren baliorako hurrenez hurren. Beraz, garajearen eraikuntza balioa 16.200 – (1.050 x 16.200/11.700) = 14.746,15 eurokoa izango litzateke, eta gehienezko urteko amortizazioa 14.746,15 x 0,03 = 442,38 eurokoa. Alokairua 275 egunekoa izan denez 442,38 x 275/365 = 333,30 euroko amortizazioa aitortuko dugu.

Horrela, 765,00 – 72,00 – 26,74 – 333,30 = 332,96 euro izango litzateke garajearen etekin garbia.

Azkenik, demagun 18.250 euroko lan etekinak ditugula. Ondorioz, alokairuarekin batera 18.250 + 332,96 = 18.582,96 euroko etekin orokorra izango genuke, eta hortik Ogasunarentzako zatia 15.550 x 0,23 + (18.582,96-15.550) x 0,28 = 4.425,73 eurokoa izango litzateke.

Aitorpena ZergaBidea programaren bidez egiten badugu gastuen proportzioak guk kalkulatu behar ditugu. Ogasunarentzako zatirako gainerako kalkulu guztiak, ordea, programa berak egiten ditu.