Gainerakoetan bezala, garajean inbertitutakoa berreskuratu nahi izanez gero, garajea saldu egin dezakegu. Ikusi ditugu, jada, garajea erosteko pausoak zein diren. Ez da zaila, hortaz, saltzeko pausoak zein izango diren asmatzea. Hala ere, zenbait ohar salmentaren inguruan:

  • Garajea saltzeko higiezin agentzia batera jotzen badugu honek bitartekaritza gastuak kobratuko dizkigu. Gastu hauek salneurriaren ehuneko txiki bat izan ohi dira.

  • Garajea saltzeagatik Hirilurren Balioaren Gehikuntzen gaineko Zerga ordaindu behar da. Zerga hau, udal plusbalioa bezala ere ezaguna, lurzoruaren balio katastralaren araberakoa izan ohi da. Garajearen jabetzak iraun digun urteetan lurzoruaren balioa handituz joan dela suposatzen da, eta balio gehikuntza horren zati bat garajea dagoen herriko udalari ordaindu behar zaio. Herri batetik bestera zertxobait alda daiteke, baina kasu guztietan salmenta burutu denetik 30 eguneko epea dago berau ordaintzeko.

Bestalde, salmentarengatik izan dugun irabazi edo galera PFEZ aitorpenean jaso behar da. Higiezinak ondaretzat hartzen ditu Ogasunak, beraz, garajearen salmenta ondare galera/irabazi bezala aitortu behar da, akzioen salmentarekin egiten den bezala. Gainera, akzioen antzera ere, garajearen eskuratze eta eskualdatze balioek eragiketa burutzeko jasan ditugun gastu eta zerga guztiak har ditzakete kontuan.

Ohar bat, hala ere, garajearen eskuratze balioa aitortzerakoan. Garajearen alokairuaren aitorpena ikusi genuenean eraikuntzaren balioa amortizatzeko aukera genuela ikusi genuen. Bada, amortizaziorik egin badugu, amortizatutako horrek garajearen eskuratze balioa gutxituko du. Amortizazioari, gainera, eguneratze balioari aplikatzen zaizkion eguneratze koefiziente berdinak aplikatzen zaizkio eguneratutako eskuratze balioa gutxitzeko.

Adibidez, demagun 2010ean garaje bat erosi genuela, zerga eta gastu guztiak kontuan hartuta 14.915 euro ordainduta. Demagun, baita ere, alokatuta eduki dugula zenbait alditan, eta alokairuarekin ondorengo kopuruak amortizatu ditugula: 350,00 euro 2011an, 405,65 euro 2013an, eta 330,30 euro 2014an. Orduan, azken eguneratze koefizienteen arabera, garajearen eguneratutako eskuratze balioa 14.915,00 x 1,086 – 350,00 x 1,053 – 405,65 x 1,010 – 330,30 x 1,000 = 15.089,13 eurokoa izango da. Bestalde, aitorpena ZergaBidea programaren bidez eginez gero, amortizazio kalkulu hauek jasotzeko aukerarik ematen ez duenez, 15.089,13 / 1,086 = 13.894,23 jarriko dugu jatorrizko eskuratze balio gisa, programak egiten dituen eguneraketa eta kalkuluek azken kopuruarekin bat egin dezaten.