Gordailuak, errenta finkoa, errenta aldakorra, eta higiezinak dira orain arte ikusitako inbertsio aukerak. Metal preziatuak izango dira ikusiko dugun azkena. Egia esan metal preziatuak, berez, ezin dira inbertsiotzat hartu, ez baitute etekinik sortzen, baina diru kontuei oso lotuta daudenez derrigorrezkoa da beraiei buruz zerbait jakitea. Izan ere, metal preziatuak —urrea eta zilarra, batez ere— diru bezala erabili dira mendeetan zehar, eta gaur egun hori galdu egin den arren, balio handiko gai gisa onartzen dira oraindik ere.

Metal preziatu garrantzitsuena urrea da, hain garrantzitsua legeak berak inbertsio gaitasuna aitortzen diola. Horrela, urrea erosterakoan ez dugu BEZik ordaindu beharko. Eta urrearekin bakarrik gertatzen da hau; adibidez, metal preziatuetan hurrengoa dela esan genezaken zilarrak ez du inbertsio aitorpen hori, eta berau erosterakoan BEZ ordaindu beharko dugu.

Urrea eta zilarraz gain badira beste hainbat metal preziatu. Adibidez, platinoa eta paladioa ere erabili ohi dira inbertsio munduan. Baina berauek eskuratzeko zailtasunak direla eta, ez ditut blog honetan aipatuko.