Aurreko bidalketan aipatu bezala metal preziatuek ez dute etekinik sortzen. Adibidez, kilo bat urre badugu urteak igaro ondoren ere kilo bat urre besterik ez dugu izango; urreak ez du interesik, dibidendurik edo bestelakorik sortuko. Beraz, metal preziatuekin irabazia lortzeko modu bakarra salerosketa bidezkoa da: erosterakoan ordaindutakoa baino salneurri handiagoan salduta lortuko da bakarrik irabazia.

Hortaz, metal preziatuetan inbertitzen badugu metalen erosneurriaren baitan geratuko da gure inbertsioa. Hona hemen, adibidez, urre ontzaren balioak azken hamar urteetan izan duen bilakaera:

Urrea

Eta hauxe zilar ontzaren balioak izan duena:

Zilarra

Bi irudi horiek ikusita zaila da metal preziatuetan inbertitzeak irabazirik sortuko digula ziurtatzea. Izan ere, zerk mugitzen du etekinik sortzen ez duen zerbaiten erosneurria? Bi dira arrazoi ohikoenak: kopurua eta inflazioa.

Mundu guztian dagoen urre eta zilar kopurua mugatua da. Egia da urtero-urtero meatzetatik metal preziatu gehiago ateratzen dela, baina gehikuntza hori pixkanakakoa da. Horrela, urre edo zilar eskaera gogor igoko balitz dagoenaren balioa ere igo egingo litzateke. Urrea eta zilarra bitxigintzan erabiltzen dira, eta zilarra industrian ere asko erabiltzen da. Ikusteko dago, ordea, bi erabilera horietatik etor daiteken eskaera gogor igoko litzateken.

Aipatu bezala, bigarren arrazoia inflazioa da. Gogoratu inflazioa erosneurrien gorakada orokorra dela. Horrek, jakina, metal preziatuen erosneurriaren gorakada ere esan nahi du. Bestalde, metal preziatuek mendeetan berdin-berdin irauteko gaitasuna dute, beraz, ez dugu berauek mantentzeaz kezkatu beharko, eta oso-osorik jasoko lukete erosneurrien gorakada hori.