Dibertsifikazioa aurrezkiak inbertsio bat baino gehiagotan banatzea da. Guretzako inbertsiorik hoberena zein den argi badaukagu orduan dibertsifikazioak ez du inolako zentzurik, baina normalean inbertsio hoberena zein den aurreikustea ezinezkoa denez, dibertsifikazioari esker, arrisku desberdinen eragina gutxitzea lortzen dugu.

Adibidez, garbi izan dezakegu inbertsio hoberena errenta aldakorra izango dela, baina epe motzera diru beharrean izango garela uste badugu arriskutsuegia izan daiteke dena errenta aldakorrean inbertitzea. Horrela, dena errenta aldakorrean inbertitu beharrean zati bat gutxienez gordailuetan jar dezakegu, eta dirua behar izanez gero badakigu gordailuetara jo ahal izango dugula, errenta aldakorraren gorabeherek duten arriskua gutxituz. Jakina, dena errenta aldakorrean jarrita baliteke errentagarritasun handiagoa lortzea, baina orduan errenta aldakorraren arrisku guztiak jasango genituzke oso-osorik.

Produktu mota bakarrean inbertitzerakoan ere dibertsifikazioa onuragarria da. Adibidez, errenta finkoan inbertitu behar badugu inbertsioa jaulkitzaile bat baino gehiagoren artean bana dezakegu, epe desberdinetako errenta finkoan, eta abar. Horrela, batek huts eginez gero besteak izango ditugu etekinak jasotzen jarraitzeko. Edo berdin egin dezakegu errenta aldakorrean ere, adibidez, inbertsioa lurralde desberdinetako enpresetan, sektore desberdinekoetan, eta abar banatuz.

Dibertsifikatzeko garaian hartu beharreko lehen erabakia aurrezkiak zein produktu mota desberdinetan banatu behar diren da. Horretarako zein arrisku dituzten begiratuko dugu, eta gehien eragin diezaguketen arriskuei aurre egiten lagunduko digun banaketa aukeratu. Adibidez, oso ohikoa da aurrezkiak gutxienez errenta finkoan eta errenta aldakorrean banatzea.

Baina produktu moten arteko banaketarekin ez da nahikoa, produktu mota bakoitzean ere dibertsifikatzea komeni da. Adibidez, errenta aldakorreko inbertsioa gutxienez hamar enpresa desberdinetan banatzea gomendatu ohi da. Eta desberdinak izan behar dutela esatean, guztiz desberdinak esan nahi da. Hau da, ez du ezertarako balio, adibidez, akzio guztiak hamar eraikuntza enpresa desberdinetakoak izateak, hamar enpresa deesberdin izan arren eraikuntza sektoreak huts egiten badu orduan enpresa guztiak joango baitira gaizki.

Dibertsifikazioak galerari aurre egiten laguntzen digu. Beraz, ez larritu porroten bat badugu, horretarako ari gara dibertsifikatzen; gainerako inbertsioak ondo badoaz gure aurrezkien osotasuna ere ondo joango da, eta hori da balio duena. Hori bai, hasieran aipatu bezala, inbertsio hoberenak aurreikusteko gai bagara orduan ez dugu dibertsifikazioarekin denborarik galdu behar, horrelakoetan errentagarritasun handiena emango digun inbertsiora bakarrik jo.