Bataz besteratzea aurrezkiak zatikatzeko beste modu bat da. Dena batera inbertitu beharrean inbertsioa aldi desberdinetan osatzean datza.

Inbertsio produktuen errentagarritasuna denboran zehar aldatu egiten da, eta gerta daiteke une jakin batean hain aproposa ez izatea. Inbertsioa zatituz eta aldi desberdinetan inbertituz ez dugu une aproposa zein den asmatu beharko. Bataz besteratuz une onek eta txarrek orekatzera joko dute, eta inbertsioari errentagarritasun aproposa aterako diogu.

Bestalde, bataz besteratzeak gure inbertsioa pixkanaka osatzen lagunduko digu baita ere. Horixe izaten da, adibidez, ohiko aurrezki planek egiten dutena. Plan hauek aldiero kopuru bat inbertitzeko eskatzen dute, eta horri esker inbertsioa denboran zehar osatzeaz gain inbertsioaren errentagarritasuna bataz besteratu egiten da.

Bataz besteratzea dibertsifikazioarekin ere lotzen da. Dibertsifikatzerakoan inbertsioa produktu mota desberdinetan banatzen dugu, arriskuei modu orekatuan aurre egin ahal izateko. Denborarekin, ordea, gerta daiteke zatien balioa aldatu, eta inbertsioak oreka galtzea. Kasu horretan berriro orekatuko dugu, inbertsioa zatien artean mugituz. Adibidez, oso ohikoa da dibertsifikazioa urtean behin berrorekatzea. Honekin, azken batean, zati bakoitza bataz besteratzen ari gara.

Jakina, inbertsioen unerik aproposena aurreikusteko gai bagara bataz besteratzeak ez du zentzurik. Horrelakoetan inbertitu dena kolpetik.